ALDRO ENERGIA Independiente de Santander 27 – AMPO Ordizia 26

Emozioz beteriko partidua eskaini dute pasa den igandean ALDRO Independiente eta AMPO Ordizia taldeek ohorezko dibisioko errugbi partiduan. Santanderren jokatu zen eta lehenengo zatia ordiziarrentzat izan zen, jokoan gehixeago sartuta. Denbora pasatzean, ordea, bi taldeak parean jarri ziren.

Hasieratik etxekoen akatsak aprobetxatzen jakin zuen AMPO Ordiziak eta Valentin Cruzek hiru zigor kolpeen truke 9 tanto egin zituen. Baina 23.minutuan etxekoek transformatutako entsegua sartu zuten. Gainera, Asier Pazosi txartel horia atera zioten eta jokalari gutxiagorekin jarraitu zuen Ordiziako taldeak. Hala ere, ondo defenditu zuten eta atsedenean markagailuan 7 eta 9koa zegoen.

Bigarren zatia

Atsedena eta gero bi taldeak 15na jokalariekin zelairatu ziren. Independienteko jokalariek aurre hartu zuten zigor kolpe batek eta, segidan, transformatutako entsegu baten puntuei esker. 51.minutuan, 17 eta 16.

Lau minutura Julen Goiak sartu zuen entsegua, baina transformaziorik Gabe. 17 eta 21 zen emaitza une horretan eta AMPOk partidua bereganatu nahi zuela adierazi zuen. Baina jokoa zaildu egin zen goierritarrentzat, zigor kolpe bat eta zigor entsegua kontra jasota. Gainera, Unai Lasari txartel horia atera zion epaileak. Baina AMPOk lanean segitu zuen eta, lanketa on baten ondoren, Iker Kortaren entsegua iritsi zen 76.minutuan. Haizea izen zen partiduko protagonista baita eta Cruzek ezin izan zuen entsegua transformatu.

Epaileak Mora jokalaria kanporatu zuen, baina neurketa amaitzear zegoen eta ez zen gehiagorako astirik izan. Amaieran, 27 eta 26 markagailuan. Ordiziarrek galdu arren, talde lan ona ikusi zen eta irabazteko zorian egon ziren San Roman zelai zailean.

Hurrengo hitzordua bi aste barru izango da, Burgosen, igo berri den Aparejadores taldearen kontra. Neurketa zaila berriz ere.