AMPO Ordizia 29 – Barcelona Rugby 3

Oso lan gogorra eginda irabazi du igande honetan AMPO Ordiziak Altamiran. FC Barcelona talde zaila zuen  aurka, play offeko fasean sartzeko asmoarekin etorri zena. Jardunaldiko emaitzek liga honetako zalantza batzuk argitu dituzte, sailkapeneko azken postuetan eta ligako titulurako playoffari dagokionez batik bat.

Partidua hasi aurretik, klubak omenaldi txiki bat eskaini zion estatuko selekzioarekin Europako txapelduna suertatu den Lide Erbina jokalariari.

Altamiran bi zati desberdin ikusi ziren. Lehenengo 40 minutuetan partidu korapilatsua jokatu zen, aparteko aukerarik gabe, akatsekin eta baloi galerekin etxekoen erasoan. Honen adierazgarri atsedeneko emaitza, 3-na. Markagailua Guemesek ireki zuen Barcelonarentzat 10.minutuan zigor kolpe baten ondoren. Valentin Cruzek gauza bera egin zuen, baina 28.enean.

Bigarren zatian AMPO Ordiziak bisitarien zelaira eraman zuen jokoa eta horrela, pixkanaka, aurkarien defentsari aurre eginez markagailuan aurrera egiteko aukera izan zuen. Barcelona gutxitan iritsi zen etxekoen 22ra, AMPOren erasoa eta seriotasunak galerazita. Bigarren zatian, bigarren minutuan iritsi zen saria. Iker Kortan baloia jaso eta jokoan jarri zuen Julen Goiarentzat. Honek aurkarien defentsa hautsi eta etxekoen 22.lerrotik hasi zuen korrikaldia. Muga iristean, Juan Manuel Lescanoren trebetasunak amaitu zuen jokaldiak entsegua lortuz. Valentin Cruzek transformatuta hasi zen garaipenerak bidea, 10 eta 3.

Lau entsegu bigarren zatian

Lehenengo partean ez bezala, ordiziarrek ez zituzten baloiak galdu eta jokaldi politak lotzeko aukera izan zuten jokalariek, bisitarien defentsa itxiaren aurrean. Lan handia egin zuen aurreko lerroak eta honek lortu zituen hurrengo hiru entseguak eta erasoko bonus puntua. Hala, Fernando Lopezek 56.ean eta Siosua Moalak sartu zituzten 2. eta 3. entseguak, azkena Cruzek transformatuta. Baina partidua amaitzeko zegoen eta bonusaren bila segitu zuen taldeak. Azken minutuan lortu zen aipaturiko saria, Gero Albertarriok sartutako entseguarekin. Jokalarien eta zaleen poza erabatekoa izan zen. Cruzek bi tanto gehiago batuta amaitu zen partidua.

Liga erregularra amaitzeko bi partidu falta dira. Azken garaipenak liga irabazteko playofferako txartela eman dio AMPOri. Datozen bi asteotan erabakiko dira laugarren, bosgarren eta seigarren postuak. Independiente de Santander AMPO Ordizia eta Santboianarenak dira oraintxe bertan, 65, 62 eta 57 puntuekin. Matematikoki, dena da posible. AMPO Ordizia datozen biak irabazten saiatuko da. Igande honetan Hernanin eta Altamiran hurrengoan Gernikaren kontra. Konpromiso zailak dira eta AMPO Ordiziak dena eman beharko du.

Argazkia: Ainhoa Muriel.