Ampo Ordizia 29 – VRAC Quesos Entrepinares 45

Heineken ligako fase erregularra igande honetan amaitu da. Altamiran Ampo Ordiziak, hau da, laugarren sailkatuak bigarrena izan du aurrean, VRAC Quesos Entrepinares, hain zuzen. Ampok liga bikaina egin du, edozeinen parean joka dezakeela erakutsiz. Hala, fase amaitu baino bi jardunaldi lehenago lotuta zuen laugarren tokia.

Parean, azken urteotako talde hoberenetakoa. Denboraldi hasieran espero ez ziren emaitzak egin eta gero, bere tokia berreskuratu zuen VRAV-ek, titulua lortzeko bidean jarriz. Atzo, Altamiran, hobeto jokatu zuen. Lehenengo ordu erdian batik bat.

Valladolideko taldearen lehenengo entsegua lehenengo minutuen egin zuen. Alcaldek sartu zuen eta ez zuten transformatu. Lander Mujika erantzun zuen makila artean zigor kolpe bat sartu eta lehen hiru tantoak lortuz. Baina VRAC-ek aurrera egin zuen eta 15 minutuetan hiru entsegu sartu eta transformatu zituen, markagailuan 3 eta 24koa jarriz.

Ordiziarrek erreakzionatu egin zuten, bisitarien 22ko lerrora arriskua eramanez. Talde guztiak lan ona egin zuen, bereziki aurreko lerroak. Hala lortu ziren bi entsegu, Oier Goia eta Leaumaren eskutik, Mujika eta Aizpuruak transformatuta. Atsedenean, 17 eta 26.

Bigarren zatia

Atsedenaren ondoren, ildo beretik segitu zuen lanean Ampo Ordiziak eta bi entsegu gehiago sartu zituen, oraingoan hiru laurdeneko lerroaren ezkerreko hegaletik. Iñaki Puiadenak sartu zuen lehenengoa bigarren zatia hasitakoan eta bost minutu geroago beste horrenbeste egin zuen Julen Goiak. Aizpuruak transformatuta, markagailuan aurretik jarri ziren ordiziarrak partiduan lehenengo aldiz. Baina pixkanaka bisitariek partiduaren kontrola berreskuratu zuten. Beste hiru entsegu egin zituzten, horietatik bi transformatuz. Horrela amaitu zen partidua, 29 eta 45 emaitzarekin.

Helburua lortuta

Ampo Ordiziak denboraldi bikaina egin du. Play offa jokatzeko helburua lortu du, liga erregularra amaitu baino bi jardunaldi lehenago gainera. Eta lasai gainera, etxean maiatzaren 5ean jokatuko duen kanporaketari begira.  Orain hori da helburua, Burgosko UBU Colinaren kontra jokatuko duen final laurdenetako kanporaketa prestatu eta zaleen aurrean lan txukuna egitea.

Zaleok, bereziki goierritarrok, bertatik bertara gozatu beharreko hitzordua dugu maiatzaren 5ean Altamiran. Partidua irabazi eta finalerdira pasatzea oso garrantzitsua da teknikari eta jokalarientzat, baina garrantzitsuagoa da eurentzat Altamirako harmaila ilusioz eta lehertzeko zorian beterik ikustea. Ez dago aitzakiarik. Maiatzaren 5ean, denok Altamirara.