AMPO Ordizia 30 – VRAC 41

 

Lan handia eta saririk ez liderraren kontra

Zale asko inguratu zen igandean Altamiran jokatutako partidua ikustera. Kirol hitzordu garrantzitsu asko ziren errugbiarekin batera, eta hau kontutan izanda eskertzekoa da zaleen leialtasuna neurketa ikusgarri honetan. Eta gozatzeko aukera izan zuten. Izan ere, Ohorezko dibisioko neurketa guztiak irabazi dituen liderrak, VRAC Quesos Entrepinares taldeak,  lan asko egin behar izan zuen bere marka eusteko. Lehenengo zatia etxekoentzat izan zen eta AMPO Ordizia aurretik egon zen 39. minutura arte.

Hala, lehenengo entsegua 9.minutuen egin zuen Ordiziako melearen erdikoak, Lescanok. Cruzek osatu zuen bi tanto gehiagorekin eta 7-0 markagailuan jarrita, AMPO Ordiziak garaipena lortzeko lana egin nahi zuela argi utzi zuen. Lehenengo zatian Ordiziak bi zigor kolpe ere gehitu zuen eta VRAC-ek entsegu bat eta zigor kolpea sartuta, bazirudien atsedenera horrela joango zirela. Baina ez. Denbora amaitzear zegoela, jokaldi arraro batean, entsegua sartu eta 13 eta 17koa igo zen markagailura.

Aurkariaren maila kontutan hartuta, gertatutakoa bigarren zatiari heltzeko garrantzitsua zen. Maila mantentzea zaila zirudien. VRAC-ek kontzentrazio gehiagorekin jokatu zuen eta lau entsegu eginda, aldapa gora jarri zen partidua. Indarrari eutsi zioten gainera. Baina Ordizia ere ez zen behera etorri eta, gutxienez, tantoren bat lortzeko ahalegina egin zuen. Hala, zerbait gerturatu ziren entsegu kolpe bati eta Puiadenak eta Lander Mujikak sartutako entseguei esker.

Azken minutuetan lanean jarraitu zuten etxekoek, laugarren entseguaren bila eta, honekin, markagailuan gerturatu eta bi tanto bonus lortzeko. Lan asko egin zen, baina saririk ez zuten lortu eta 30 eta 41 amaitu zen. Liderrak ere dena eman  zuen.

Esan behar da Julen Goiak kolpe handia hartuta zelaia utzi zuela, baina laster izango dela berriz zelaian.

AMPO Ordiziak play off-eko  postuetan jarraitzen du, seigarren tokian, laugarren tokian dagoenaren baino lau tanto gutxiagorekin. Aste honetan atsedena izango dute Ohorezko mailako jokalariek eta ona izango da indarrak hartzeko eta Bartzelonan hilaren 26ean jokatuko den neurketarako prestatzeko.

Argazkia: Ainhoa Muriel