AMPO Ordizia – Hernani CRT

Hamargarren jardunaldiarekin dator aurten lurraldeko errugbiko Heineken ligako derbia. Ampo Ordizia eta Hernani CRE taldeen arteko lehenengo itzulikoa izango da eta Ordiziako Altamira estadioan jokatuko da igande honetan 12:00etan. Bi taldeek helburu desberdinekin ekingo diote oraingoari.

Hala, hernaniarrek ligako sailkapenean hamargarren tokitik gorantz egin nahi dute, gune lasaiagora, jaitsierako postuetatik urruntzeko. Jon Txurrukaren jokalariek, berriz, puntuak zenbatzen segitu nahi dute, launaka gutxienez, play-off fasea jokatu ahal izateko. Zazpi edo zortzi taldeen artean dago erabakia eta aste honetan irabazi ezean aukera urrundu egingo luke Ampo Ordiziak.

Bestalde, Landarekoek klubeko filosofian aldaketa bat egin dute, kanpoko jokalariak ekarrita. Frantziatik Ternisten anaiak, Diego Levin aurrelari argentinarra eta Elorrioko bigarren lerroko Oskar Astarloa jokalari beteranoa. Astarloak bere ibilbidean Ohorezko dibisioko bost euskal taldeetan jokatu du. Era berean, Hernaniko kluba Donostiako Atletico de San Sebastianekin lankidetza akordioa du eta ez da arraroa Urumeako XVarekin Kontxako harrobiko gazteak ikustea.

AMPOkoek azkeneko bi jardunaldietan egin duten jokoa aldatu nahi dute, Altamirako zaleei garaipena eskainiz betiko aurkari nagusiaren kontra. Horretarako Goierrikoek aurreko astean baja ziren jokalariak berreskuratuko ditu, selekzioarekin aritu diren Fernando Lopez eta Julen Goia eta hirugarren lerroko Siosua Moala.

Neurketa Klubaren Eguna izendatu da eta bazkideek ere sarrera ordaindu beharko dute. Sorpresaren bat izatea ere aurreikusita dago. Partiduaren amaieran babeslea den 19-90 gastrotekak prestatutako hirugarren zatia eskainiko da aparkalekuan jarriko de estalpean.