AMPO Ordizia – VRAC Entrepinares

Neurketa interesgarria ikusteko modua izango da igande honetan 12:30ean Ordiziako Altamira estadioan. Ampo Ordizia eta Valladolid hiriko VRAC Quesos Entrepinares izango dira aurrez aurre, Alhambra Nievas, munduko epailerik onenaren izendapena jasotako arbitroak. Oraingoan ordutegia kontutan hartu behar da, normalean baino ordu erdi beranduago hasiko baita partidua, Teledeporte telebista kateak zuzenean eskaintzeko eskatuta.

Goierriko taldea animo altuarekin dago, azken asteetan segidan hiru garaipen lortuta. Laugarren tokian dago, 22 punturekin. Aurkariak, ordea, mailako hoberenak dira, lehenengo tokian neurketa guztiak eta Supercopa ere irabazita. Tanto gehiago egiteko asmoarekin etorriko dira Valladolidekoak Ordiziara, ligako tronua mantendu ahal izateko. Aurten jokoan dauden titulu guztiak irabazteko gai den taldea osatu du VRAcek. Jokalari nahasketa ona dute: Gavidi eta Grifitths beteranoak, Alvar Gimeno gaztea eta Tomas Carrio argentinarra, Heineken Liga honetan nabarmentzen ari den ‘puma’.

Laneko trajea jantzi beharko dute jokalariek igande honetan, errugbiak aritzeko giro aproposena ez baitago iragarrita. Ordiziarrek azken asteotako jokoa erakustea espero dute, liga irabazteko faboritoari ezustekoa emanez. Eguraldia dela-eta, hankarekin normalean baino gehiago jolastea espero daiteke. Lan horretan ariko dira ligako bi hoberenetakoak, talde bakoitzetik bana, aurkariaren akatsen bila.

Marotias-Garmendia, Ordiziako entrenatzaileek, ostiraleko entrenamendua eta gero erabakiko dute partidurako deituak izango diren 23 jokalarien zerrenda. Ohorezko dibisioko Heineken ligako zortzigarren jardunaldia izango da jokoan.