BARÇA Rugbi 22 – AMPO Ordizia 34

AMPO Ordiziak garaipen garrantzitsua lortu du igande honetan Bartzelonan, 22 eta 34 emaitzarekin, denboraldi honetan aurrekoetan baino hobe ari den –partidu aurretik sailkapenean hirugarren tokian zegoen- Barça Rugbi taldearen kontra. Garaipen gozoa eta, eguna borobiltzeko, ohorezko mailan Alain Araña, etxeko jokalari gaztearen debut pozgarria.

Denboraldi honetan berdintasuna da nagusi eta garaipen bakoitzak balio gehigarria du, batez ere sailkapeneko goiko tokietan daudenen etxean lortzen denean. AMPO Ordiziak segurtasun osoz jokatu du hasieratik eta defentsan egin den lan bikainagatik ez du garaipena arriskuan izan,  ezta jokalari gutxiagorekin aritu den minutuetan ere. Erasoan jokaldi erabakigarriak egin dira, hiru entsegu lortuz, eta Valentin Cruzek makila artean puntu ugari egin ditu. Hauek denak batuta, lau puntu garrantzitsu ekarri dira Ordiziara.

Barça Rugbik ez du Bautista Güemes joko-irekitzailea taldean izan eta touchean  joko ona ez du egin, bai ordea maulean. Markagailua Berruezok ireki du 11.minutuan zigor kolpe baten ondoren. Berdinketa 16.enean izan da, zigor kolpe bat transformatuta gero. 23.enean Ander Alberdi kanporatua izan da eta ondorengo minutuetan neurketa aldapa gora jarri da, baina taldeak ez du etsi eta Julen Goiak entsegua egin du 27.minutuan. Cruzek transformatu eta gero, 3 eta 10 AMPOrentzat. Lau minutu ondoren, bigarren entsegua Ordiziarentzat. Iker Kortarena izan da goierritarren eraso on baten ondoren. Alberdi zelaira itzuli eta gero, bi zigor kolpe transformatu ditu Cruzek, 35 eta 38 minutuetan. Barça gerturatu egin da lehen zatia amaitzean eta, atsedenean, 10 eta 21 zen emaitza.

Bigarren zatian 15.minutura arte ez da markagailuan berririk izan. Cruzek transformatu du zigor kolpe bat. 63.enean txartel gorria atera diote Oier Goiari eta jokalari bat gutxiagorekin jarraitu behar izan du Goierriko taldeak partidua amaitu arte. Oier kanporatu ondoren, transformatutako entsegua egin du Barçak. Etxekoek gogoz ekin diote, baina AMPO Ordiziak bere aukerak aprobetxatu egin ditu. 68.minutuan Cruzek beste hiru tanto egin ditu eta Julen Goiak transformatutako entsegua 77.enean. Amaierako minutu baten faltan lortu du bere hirugarren entsegua Barçak. Amaieran, 22 eta 34 AMPO Ordiziarentzat.

Garaipena lortu arren, AMPO Ordiziak bosgarren tokian jarraitzen du sailkapenean. Baina bigarrenetik hiru puntura bakarrik. Atzetik ere ez dago zatiketa nabarmenik, bederatzigarrena sei puntura baitago. Beraz, aurten eta oraingoz ohorezko mailan berdinketa da ezaugarri nagusia.

AMPOren hurrengo hitzordua datorren igandean izango da, Altamiran, Cisnerosen kontra. Aurkaria talde serioa da eta ez dago lasaitzerik, sailkapeneko azken tokian egon arren, ezustekorik ez bada nahi.