Bueltan da errugbia Altamiran

Errugbirik gabe lau hilabete egin ondoren, Ampo Ordiziak denboraldiaren aurreko lehenengo partidua jokatuko du larunbat honetan Altamiran 17:30etan hasita. Ez da ohiko partidua izango, hiru taldeen arteko lehia baizik. Amporen entrenatzaileek indarrean hasi nahi dute eta maila oneko aurkariak aurkitu dituzte kirol kurtsoa hasteko. Bizkaia Gernika eta Biarritz Olympiqueko promesak (spoirs) izango dira aurkariak.

Bizkaitarrak lagun arteko partidu bat jokatu dute dagoeneko. Aurreko astean Santanderren izan ziren eta erraz irabazi zioten Bathcori. Aurreko lerroan baja garrantzitsuak izan dituzte basurdeek, baina taldea osatzeko ahalegin ona egin dutela esan daiteke. Bestalde, lapurtarrek datorren astean ekingo diote ligari eta aurre-denboraldia indarrean amaitu nahiko dute. Izan ere, goi mailara igo nahi duten jokalari ‘promesa’ horientzat partidu hauek euren balioa erakusteko aukera ona dira. Beraz, goi mailan tokia egiteko lanera etorriko dira Miarritzekoak.

Berriak

Goierriko zaleek taldera iritsi diren hainbat jokalari ikusteko aukera izango dute. Horien artean, bueltan diren ezagunak batzuk: Ekaitz Sadaba eta Asier Arretxea aurrelariak eta Phil Huxford hiru laurdeneko lerroan. Aurpegi berriei dagokionez,  Coert Cronje ordezkatuz etorri den Joubert Engelbrecht hegoafrikarra jokatzeko ikusteko aukera egongo da. Bigarren lerrorako fitxatu den Kawa Leauma eta Sio Moala ez dira iritsi Ordiziara oraindik. Tramiteak amaitzear daude eta datozen egunetan hemen izatea espero da.

Emaitzak ez dira garrantzitsuak lagun artekoan, baina taldeak itxura ona eman nahiko du eta bi aurkariek irabazteko ahalegina egingo du.

Partiduen sekuentzia honakoa izango da:

17:30, Biarritz spoir – Bizkaia Gernika

18:30, Ampo Ordizia – Biarritz spoir

19:30, Ampo Ordizia – Bizkaia Gernika

Bestalde, bazkidetzak egin edo berritzeko mahaia jarriko da larunbatean estadioko sarreran.