Complutense Cisneros 25 – AMPO Ordizia 35

Neurketa zaila izan zuen pasa den larunbatean AMPO Ordiziak Madrilen, Complutense Cisnerosen kontra. Madrildarrek garaipen bakarra lortu dute denboraldi honetan, lehenengo jardunaldian,  eta AMPOk irabazteko aukera ona zuela pentsa zitekeen. Baina irabazteko dena eman beharko zuela argi eta garbi zuten goierritarrek eta horrela irten ziren zelaira.

Indarrean ekin zion Cisnerosek. Hasierako sakea AMPOrentzat izan zen eta lehenengo unetik ordiziarren entsegu lerrotik gertu izan zen jokoa. Hirugarren minuturako egin zuten lehenengoa etxekoek. Ordizia ere saiatu zen, baina lehenengo tantoak Valentin Cruzek lortu zituen zigor kolpe batengatik.

Arriskua sortaraziz segitu zuen AMPO Ordizia, faltak eraginez eta makila artean baloia sartuta tantoak egitez Cruzen ostikoen bidez. Markagailuan 5 eta 6 zela, 23.minutuan etxekoen bigarren entsegua sartu zuen Serrak. Lehenengo zatian berdintasuna nabarmendu zen. Ordiziak zigor kolpeekin egin zituen tantoak eta atsedenerako 13 eta 15 zen emaitza.

AMPOren alde zirudien neurketaren bigarren zatiaren hasiera, baina Cisnerosek egin zuen entsegua eta ondoko bi tantoak. Baina berriz ere zigor kolpea izan zen Ordiziaren alde, hiru tanto gehituz, eta Iruarrizek entsegu bat sartu zuen. Hamar tanto gehiago, 20 eta 25, goierritarrentzat.

Ordizia izan zen nagusi ondoko minutuetan zelaian. Tantoak egiteko presa eta partidua galtzeko beldurra nabarmendu ziren Cisnerosen. Ordizia lasai aritu zen, bere jokoa eginez. Hala, Madrildarrak erasoan ari zirela Lescanok baloia lapurtu zuen eta taldearen bigarren entsegua egin zuen 66.minutuan. 20 eta 35 jarri zen markagailua, bisitarien alde.

Geroago, talde ordiziarra erasoan ari zela, Cisneroseko hiru-laurdeneko lerro arriskutsuak baloia harrapatu zuen eta bost tanto lortu zituen. Ez zen gehiagorako aukerarik izan eta horrela amaitu zuten, 25 eta 35 emaitzarekin. Aparteko aipamena merezi du Valentin Cruzen lanak, makila artean baloia sartuta 25 puntu egin zituen eta.

Asteburuko emaitzek AMPO Ordizia sailkapeneko laugarren tokian jarri dute. Hurrengo neurketa igande honetan izango da, 12:30ean Altamiran, orain arte dena irabazi eta sailkapeneko lehenengo postuan den VRACen aurka.