Derbia: AMPO Ordizia 52 – Hernani RT 12

Uste baino errazago irabazi du Ampok denboraldiko lehenengo derbia

Ikusmin handia izan zen igandean ohorezko dibisioko aurtengo gipuzkoar lehenengo derbia ikusteko. Eguraldia oso hotza izan zen, baina jolasteko txarra ez euririk eta elurrik ez zuelako egin. Harmailan giro ona egon zen, gozatzeko prest zaleen aldetik. Bi taldeek aurreko partiduak galdu egin zituzten eta sailkapenean egonkortzeko irabazteko beharra zuten.

Emaitzak erakutsitakoa baina partidu orekatuagoa ikustea espero zen. Izan ere, horrelakoetan gutxi balio du sailkapenak dioena eta derbiak beti dira bereziak, lehia, emozio eta zalantza handikoak.

Partidua ondo hasteak laguntzen du eta oraingoan AMPO Ordiziak izan zuen hasiera zuzena, bigarren minutuan lehenengo entsegua lortuta. Valentin Cruzek bi tanto erantsi zituen eta hamar minutu geroago jokaldia errepikatu zen. 17minutuan partiduko zigor kolpe bakarra eman zuen epaileak eta Cruzek berriz ere asmatu egin zuen baloia jaurtitzean.

Ordiziako talde teknikoak aukeratutako joko eskemak 24.minutuan fruitu eman zuen berriz, Puiadenak sartutako entseguarekin. Cruzek makila artean sartuta, 24 eta 0 markagailuan lehenengo ordu erdirako. Itxura serioa ematen ari zen AMPO, zaleen urduritasuna uxatuz.

28.minutuan txartel horia erakutsi zitzaion Ordiziako 1-ari eta Otxotorenak Hernanirentzat lehenengo 5 tantoak lortu zituen. Makila artean ez zuten asmatu.  Jokalari gutxiagorekin aritzeak ez zuen eragin gehiegirik izan eta Ordiziako atzeko lerroak lanean jarraitu zuen, bi entsegu berri eginez. Iker Kortak bat eta Julen Goiak bestea. Eta Cruz fin, sei tanto gehiago eginda. Horrela iritsi zen atsedena. Markagailuan, 38 eta 5.

Bigarren zatian Hernani egoera aldatzera itzuli zen eta berehala egin zuen entsegua, zigor-entsegua eta partiduan sartzeko asmoa. Baina ondorengo minutuak ez ziren inorentzat atseginak izan. 51.minutuan Hernaniko joko-irekitzaileak horia ikusi zuen eta bi minutu geroago, liskarra eta  talde bakoitzak gorri bat.

Animoa lasaituta jarraitzeko aukera izan zen. Kortak eta Cronjek entsegu bana egin zituzten, eta Cruzek biak transformatu zituen. Hortxe eratu zen markagailua, 52 eta 12 erakutsiz.

Jardunaldia amaitzean AMPO Ordizia seigarren tokira itzuli da, Barcelonak baina puntu bat gehiagorekin eta bosgarren tokian dagoen UE Santboianak baina sei gutxiagorekin.

Aste honetan hamaikagarren jardunaldia izango da jokoan. Honekin bukatuko da lehenengo itzulia.  Ordiziak Gernikan jokatuko du, larunbatean 16:00etan.

Argazkia: Ainhoa Muriel.