Garagardo Azoka bueltan da ‘LUMAGORRI’ eta musikarekin

Chris Ruest blues bandak kontzertua emango du larunbatean

Ordizia Rugby Elkarteak antolatuta, hilaren 28an 18:00etan irekiko da XIX. Garagardo Festa. Berriak izango dira eta iazko hainbat nobedade aurten ere eskainiko dira. Lehenengoen artean, ‘lumagorri’ produktuak plateren eta kontzertu bat. Iazkoetatik, paella erraldoia egingo da igandean, jaki begetalak ere egongo dira eta Baque Kafeak eskainitako kafea emango da. Garagardo kartan 22 mota egongo dira, Heinekin etxearen laguntzarekin ekarrita.

Urtero bezala, lau izango dira feriaren jardunaldiak, ostegunetik igandera, 18:00etatik 00:00etara Beti Alai pilotalekuan. Hogeitabi garagardo mota egongo dira edateko: hamar hori (horietako bat artisau erara egina eta beste bat tekila aromarekin), bi txuri, bi gorri, hiru ilun, bi beltz (horietako bat artisaua), zeliakoentzat ere egongo da bat, alkoholik gabea bestea bat eta, Holandan sagarrarekin egindakoa izango da berria.  Holandan eta Alemanian, Irlandan, Australian, Aragoin eta  Euskal Herrian egindako edariak dira. Bi salneurri izango dituzte: gehienak 4 euron salduko dira eta bereziak 4,50ean. Freskagarriak eta ura ere egongo da.

Bi pertsonentzat eskaintzen den  ohiko menuak 30 euro balioko ditu: ukondoa, saltxitxak, purea, postrea, garagardoak eta kafeak barne. Gainera, lumagorri oilaskoa eta hanburgesak eskainiko dira, patata frijituak eta aipaturiko guztiak ere egongo dira nahi bezala eskatzeko. Igandeko menua, paellarekin, 13 eurokoa izango da pertsona bakoitzeko.

Chris Ruest blues musika banda Europan zehar dabil eta ferian egoteko tartea egin du. Ordiziarrocken laguntzari esker dator eta larunbatean 23:00etan joko du frontoi txikian.

Klubeko produktuak salgai eta bazkide kanpaina martxan

Klubeko markarekin produktuak salgai jarriko dira mahai batean. Kamisetak, banderak, bufandak, baloiak, motxilak, mantalak, katiluak eta toallak egongo dira.  Horietako batzuk ohikoa baino merkeago salduko dira.

Datorren denboraldirako bazkidetza egiteko edo berritzeko kanpaina ere abiatuko da. Mahai honetan bertan izango da horretarako aukera. Abonu orokorra 90 eurokoa izango da, bazkidea (sarrerarik gabe) 20 euro,  ikaslea eta langabetua 20 euro, bazkide laguntzailea 40 euro (sarrera erdia ordaintzen delarik) eta jubilatua 50 euro. Ikasleek, langabetuek eta jubilatu berriek euren egoera agiri bidez azaldu beharko dute. Bazkide berriek opari txiki bat jasoko dute.