GARMENDIA ETA MAROTIASEK GIDATUKO DUTE 2018-2019AN AMPO ORDIZIAREN PROIEKTUA

Lopezek, Lescanok eta Moalak kontratua berritu dute

Iñigo Marotiasek eta Aritz Garmendiak gidatuko dute bigarren urtez jarraian Ordiziarren lehen taldea. Aurtengo denboraldi bikainak bi entrenatzaileen lidergoa sendotu du eta, honenbestez, orain arteko lan ildoarekin jarraituko dute, etxeko jokalariekin osatutako taldea oinarri hartuta, eta lantaldea indartuko duten jokalari profesionalez osatuta.

Taldearen garapena handia izan da aurten eta Klubak konfiantza osoa du kirol proiektu honetan, zeinaren helburua den haztea eta erronka handiagotarako aukerak bilatzea.

Kirol zuzendaritza ere lanean ari da azken hilotan, datorren urteko taldea osatu eta duela bi urte hasitako kirol proiektua sendotu asmoz.

Lopez, Lescano eta Moala

Lan horren adibide behinena da Fernando Lopezek, Juan Manuel Lescanok eta Siosiua Moalak taldean jarraituko dutela, aurreko asteetan kontratuak sinatu baitituzte.

Lopezen berrikuntzari, Lescano eta Moalarenak batu zaizkio, azken txapelketako bi jokalari aipatuenetakoak. Julen Goiak eta Valentin Cruzek ere ziurtatuta dute jarraipena aurrez.

Kluba lanean ari da Coert Cronjek eta Geronimo Albertarriok utziko duten hutsunea betetzeko bi jokalari kontratatzeko lanean.