George Moala, Ordizian bisitan

Top 14ko Clermonten ari da orain eta bi egunez OREk antolatutako programan parte hatuko du

George Moala Zelanda Berriko All Blacksetako jokalariak Ordizia Rugby Elkarteko jokalari gazteekin entrenamendua egingo du bihar arratsaldean, Altamiran. George Frantziako Top 14ko Clermont taldean ari da orain eta Ordizia Rugby Elkarteko Siosiua Moalaren anaia da.

Familiari egiten ari zaion bisita aprobetxatuz, bi egunetan jardunaldia antolatu du OREren kirol zuzendaritzak bere parte hartzearekin. Bihar, arratsaldeko 17:30etatik aurrera klubeko 14 azpikoen entrenamenduan parte hartuko du. 19:00etan, solasaldia izango da George Moalaren kirol ibilbidearen inguruan.

Ostegunean, 18 urte azpikoen entrenamendu saioan parte hartuko du, arratsaldeko 19:00etan.

Ibilbide oparoa

Zelanda Berriko All Blacks-en aritu den George Moalaren ibilbidea luzea da dagoeneko. Tamaki Collagen hasi zuen kirol ibilbidea. 2008an egin zuen urte oparoaren ondorioz, Auckland probintziako selekzioaren deia jaso zuen.

2011 urtetik 2017ra bitartean, Zelanda Berriko  Auckland-eko taldean jokatu zuen, bertako lehen mailan, ITM txapelketan.  Ondorioz, kluben artean jokatzen den munduko ligarik garrantzitsuenean , Super XV txapelketan, parte hartu zuen Auckland Blues taldearekin 69 aldiz.

Zelanda Berriko kamiseta beltza jantzi izan du 2015 eta 2016 urteen artean. Munduan jokalari gutxi daude All Blacks  izatera iritsi direnak eta are gutxiago Barbariansekin jokatzeko aukera izan dutenak, eta George Moala horietako bat izan da.

Aurtengo udaberrian, Europako errugbia ezagutzeko intentzioarekin, Frantziako Clermont Auvergne taldearekin sinatu zuen , Frantziako TOP 14 ko liga irabazteko ahaleginean.