SILVERSTORM EL SALVADOR 39 – AMPO ORDIZIA R.E. 26

AMPO Ordiziak ezin izan zuen Ohorezko ligako fase erregularreko talde hoberenaren kontra Valladoliden larunbatean jokatutako final erdia irabazi eta ez da finalean izango. Baina taldeak oso maila ona eman du eta Valladolideko zaleek azken momentura arte ezin izan zuten garaipena gertu antzeman.

Bata besteari neurria hartzen hasi zuten partidua bi taldeek. 6.minutuan etxekoak zigor kolpea jaurtiz aurre hartzeko aukera izan zuten baino ez zuten aprobetxatu. Segidan defentsa hautsi eta aurrera egitear egon zen Julen Goia, baina ez zioten utzi. Etxekoak touche edo albokoetan oso ziur aritu ziren eta ordiziarren 22ko lerroan defentsa hautsi eta entsegua lortze-arren egon ziren, baina akzio hau ere moztu egin zuten aurkariek.

Ondoren, Valentin Cruzen ostiko on batek beste aldeko 22 lerrora eraman zuen baloia. Oraingoan abantailarekin aterata baloia AMPO Ordiziarentzat izan zen. Melé-tik aterata baloia aurrelari eta hiru-laurdeneko jokalarien artean mugitu zen, eskuinera lehenengo eta ezkerrera gero. Joubertek bikain amaitu zuen jokaldia AMPOrentzat lehenengo entsegua eginez. Cruzek transformatua: 0 eta 7 markagailuan aurretik.

Ordiziako taldea zalantzarik gabe ari zen, baina etxekoen aurreko lerro indartsuak defentsa hautsi eta Salvadorrentzat lehenengo entsegua egin zuen Nuuk. Ez zuten transformatu: 23.minutuan, 5 eta 7. Ondorengo minutuetan bi zelaietan egon zen arriskua. Presioak eraginda, bere lehen zigor kolpea jaurti eta 3 minutu gehiago egin zituen Cruzek 27.enean.

Erdiko sakearen ondoren eta ordiziarren akats batengatik, Carterrek baloia lapurtu eta entsegua egin zuen, 10 eta 10 jarriz markagailuan. Hortik gutxira Salvadorreko 3.lerroa melétik indarrean irten eta goierritarren defentsa hautsi zuen eskuineko hegaletik. Beste albora pasa eta hirugarren entsegua egin zuen, hau ere transformatu gabe. Ondoren Cruzek zigor kolpez beste hiru tanto egin zituen.

AMPO Ordizia arriskua eraman zuen aurkarien 22 lerrora, lehenengo zatia amaitzear zegoenean zigor kolpea eraginez. Cruzek hau ere makila artean sartuta, 15 eta 16 atsedenean.

Lehenengo zatian nabarmentzekoak, Silverstormeko hirugarren lerroaren arriskua melé-tik irtetean, Valladolidekoek makila artean lau aldiz jaurti eta batere asmatu ez izana, Valentin Cruzek eraginkortasuna (%100) eta akatsak, El Salvador bezalako taldeek entseguekin aprobetxatzen dituztenak.

Bigarren zatia

Bigarren zatia hastean, etxeko taldearen presioak metroak irabazi eta ordiziarren 22 lerrora eraman zuen jokoa, Teu-ren entsegua lortu arte. Oraingoan bai, Faviak transformatua: 22 eta 16.

Ondorengo minutuetan arriskua beste aldera eraman zuen Ordizian. Cruzek lehenengoz zigor kolpea ez zuen transformatu eta Ander Alberdik zelaia utzi behar izan zuen min hartuta. Bere lekukoa Ekaitz Sadabak hartu zuen.

Salvadorrek egoera moldatu zuen ostiko on batekin arriskua ordiziarren gunera eramanez. Cruz arriskua urrutiratzen saiatu zen baina defentsa ondo antolatuta ez eta Smithek entsegua sartu zuen, Faviak transformatua.

AMPO Ordiziak ez zuen amore eman eta hortik gutxira entsegua egin zuen, transformatua. Markagailuan, 29 eta 23. Emozioa handia zen eta arriskua alde batetik bestera ibili zen. 65.enean Cruzek 3 tanto gehiago lortu zuen, eta berdinketatik 3ra jarri zuen taldea.

Baina arriskua ordiziarren zelaia itzuli zen eta multzo batetik irtetean, Juradok ezkerretik indarrean sartuta entsegua egin zuen. Ez zuten transformatu eta 8 puntura jarri zen taldea. Baina amaitzeko 3 minutu falta zirenean Nuuk entsegua egin zuen. Momentu horretan garaipenaren susmoa hartu zuten tokiko zaleek. AMPOk lanean jarraitu zuen eta entsegua lortze-arren egon zen, baina ez zen horrela gertatu eta horrela amaitu zen.

Azken emaitzak, 39 eta 26, finaletik kanpo utzi du AMPO Ordiziak. Baina ez du zapore txarrik utzi, alderantziz, zaleak eta goierritarrak harro egoteko moduko jarrera ikusi da.

Zorionak, beraz, gure taldeari!