Silverstorm El Salvador – AMPO Ordizia

Neurketa zaila du Ampo Ordiziak datorren igandean, urtarrilaren 14an, 13:00etan Pepe Rojoren zelaian Silverstorm El Salvadorren kontra. Valladolideko taldea sailkapeneko bigarren tokian du, VRAc Quesos Entrepinaresen atzetik. Honen aurka izan du liga honetan porrot bakarra.

Orain arte hamahiru jardunaldi jokatu dira eta Juan Carlos Perezek zuzendutakoek hamabi garaipen lortu dituzte. Horietatik, hamaika bonus eskuratuta taldearen maila agerian jarri dute, jokoan diren titulu guztiak lortzeko lehian daudela erakutsiz. Talde sendoa da eta ez du zulorik inongo posizioetan. Jokalarien artean nabarmentzekoak dira Joe Mamea eta Walker-Fitton aurrean, eta Hansie Graaff eta Ordizian ezaguna dugun Christian Rust hiru laurdeneko  lerroan. Goierritarrak kontzentratuta zelairatu eta lehiatu beharko dira.

Altamiran jokatu zen lehenengo itzuliko neurketa eta Gaztelako taldea lehenengo zatian etxekoen gainetik pasatu zen. Gero lasaitu egin zen eta azkeneko hamar minutuetan garaipena defenditzeko borrokatu beharra izan zuen.

Marotias-Garmendiaren taldeak itxaropentsu bidaiatuko du, Alcobendasen abenduan egindako jokoa errepikatu eta punturen bat ekarri nahian. Horrela pay-offerako lehian segitzeko aukera izango du. Jokalarien artean lesiogatik behar bada oraindik jokatzeko modurik ez dute izango Asier Pazos eta Jaun Perezek.