UE Santboiana 29 – AMPO Ordizia 22

Katalunian jokoan ziren puntuak ezin izan ditu etxera ekarri pasa den igandean Ampo Ordiziak. Baldiri Aleu estadioan jokatutako partidua Unio Esportiva Santboianak irabazi zuen 29 eta 22 emaitzarekin.  Lehenengo zatian Ampo Ordizia hobea izan zen, baina markagailuan ez zen nabarmendu nagusitasun hori behar zen bezala.

Hala, gehiago izan arren, batzuetan akats gutxi batzuengatik edo hankarekin kale egiteagatik, Ampok ez zuen neurketa erabakita utzi lehenengo zatian. Atsedenaldian markagailuan 10 eta 15 zen emaitza. Ordiziak neurketa kontrolpean zuela zirudien, baina erabaki gabe uztean garesti ordaindu zuen.

Bigarren zatia etxekoentzat izan zen. Lehenengo minutuetan kataluniarrek emaitza itzuli egin zuten bi entseguei esker. Goierritarrak ohartzerako, UE Santboiana nagusi zen, 22 eta 15. Denborak aurrera egitean, Ampo Ordiziak hobera egin zuen, Santboi ezinean jarrita, baina entsegu lerrotik bost metrotara zeudela kataluniarrek arriskua urruntzean gain, aurkako lerrotik gertu touch bat lortu eta maul batean laugarren entsegua egin zuten. Amaitzeko hamar minutu falta zirenean 29 eta 15 zen emaitza.

Hil ala bizi, Ampok erasoari ekin zion. Bi entsegu baino gehiago behar zituen irabazteko baina bakarra egin zuen eta hala amaitu zen, 29 eta 22 etxekoen alde.

Honekin, Amporentzat Kopako finalerdietarako txartela lortzea zailagoa izango da.