Dakizuen moduan Jon Txurrukak, orain arte Ordizia Rugby Elkarteko kirol zuzendaria izan denak, ez du jarraituko. Berriro, eskertu nahiko genioke Txurrukari urte hauetan zehar klub honen alde egindako guztia.
Klubaren egunerokotasunean berebiziko garrantzia duen postua da orain arte Txurrukak izan duena, eta hurrengo ziklora begira klubaren dinamika eta lan egiteko modua soberan ezagutzen duen pertsona baten aldeko apustua egin du Klubak. Iñigo Marotias, bizitza guztian klubari estu lotuta egon da. Bere hastapenak jokalari moduan izan ziren, eta azken urteetan Ampo Ordiziako entrenatzaile lanetan ibili da. Marotiasek hurrengo denboraldian orain arte egin dituen entrenatzaile lanak, Kirol Zuzendari lanekin uztartuko ditu. Kluba eta jokalariak ezin hobe ezagutzen ditu Marotiasek eta ardura handia eskatzen duen erronka berri honi gogo handiz heltzen diola garbi dago.
Asier Pazosek, orain arte 23 urtez azpiko taldearen entrenatzaile izan denak, filiala entrenatzeari utziko dio. Pasa den denboraldian Pazosek filiala ligako finala jokatzera eraman zuen, tamalez ez zuten titulua eskuratzerik lortu baina denboraldi gogoangarria egin zuten gure gazteek. Hurrengo denboraldian Iñigo Marotiasi laguntzen arituko da lehenengo taldeko lanetan.
Aldaketa hauekin klubak azken urteetan duen proiektu sendo eta ilusionagarriari jarraitasuna ematen dio. Helburuak finkatu eta horiek lortzeko bidea eraikitzeko pertsona aproposak dira, eta klubaren filosofia eta lan egiteko modua aski ezagutzen dutenak.
Zorte on bikote!