Ampo Ordiziak F.C Bartzelonaren aurka jaun eta jabe izan da altamirako zelaian. Norgehiagokaren lehen minututik bertatik nabaritu da nor zegoen partidan sartuta, norgehiagokaren fase guztiak menderatuz, batez ere, Mirat jaunak lehenengoa adierazi duenetik.
Goierrikoek denboraldi osoko partidarik osoena egin dutela esan daiteke, huts gutxi aurki dakioke Ampori igande honetan. Marotiasek zuzentzen duen taldeak argi eta garbi utzi du nork agintzen zuen Altamiran, atsedenaldira 3 entsegu eginda iritsiz, guztira 5, eta lehen 40 minutuetan eskuratutako bonus puntu hipotetikoarekin.
Valentin Cruzi bankuan atseden eman eta harrobiko kideen aldeko apustua egiteko aukera duen talde batek, Lander Mujika esaterako, argi uzten du etxeko entrenatzaileak konfiantza duela taldeko kide guztiengan.
Kataluniako taldeak El Salvador taldea estualdi larrian jarri zuen duela aste bete, baina konturatu da gaur ez zela haien eguna. Kataluniako taldea hurrengo fasera lehen sei postuetan igaroko dela dirudi, beraz, lortutako 5 puntuek balio bikoitza dute, gaurko puntuek bigarren faserako ere balio baitute.
AMPO Ordiziak Gaztelara bidaiatuko du datorren astean El Salvador talde boteretsuaren aurka jokatzera. Balio bikoitza duen partida izango da erregearen Kopako finalerdietan postu bat ere jokoan dagoelako. Ziur gaude talde txamizoa Pepe Rojora beldurra gorputzean sartuta aterako dela
Azkenean, Marotiasen taldeak 39-5 gainditu du markagailua eta ez du zalantzarako tarterik utzi. Hala ere, denak ez dira albiste onak; izan ere, Julen Goia kapitainak kolpea hartu du izterrean, eta zalantza izango da asteburuko partidari begira.
23 urtez azpiko taldeak ere parida gogorra izan du asteburu honetan Getxo Etorkizunaren aurka. Partida hasi bezain pronto galtzen hasi zen Asier Pazosek entrenatutako taldea. Bigarren zatian jada partida maldan gora zutela buelta ematen saiatu ziren baina beranduegi izan zen eta ezin izan zuten norgehiagoka iraultzea lortu. Azkenean, Moyua Goierrik 17-28 galdu zuen Getxo Etorkizunaren kontra.