AMPO ORDIZIA VS BARÇA RUGBY ATARIKOA

Ilusioz beteriko denboraldi bat hasten dugu igandean Altamiran. Xedea, urtero bezala, titulu bat etxeratzekoa izango da.

Lehenengo jardunaldia, eta denboraldiari hasiera emateko aurkari gogor bat, Bartzelona izango baitugu bisitan igandean. Kataluniarrak aurpegi aldaketa garrantzitsu bat jasan dute aurtengo udan, denera, 9 aurpegi berrirekin hasten baitute 22/23 denboraldia. Gainera, Santiago Monteagudoren taldeak Bautista Güemes eta Michael Hogg bezalako jokalari garrantzitsuak berritu dituzte Bartzelonaren bizkarrezurra izaten jarrai dezaten. 

Kataluniarrak tituluak eskuratzeko borrokan aritzeko hautagaiak dira, zalantzarik gabe, baina lehenengo jardunaldian, agian, txapelketako taldeek izan dezaketen bidaiarik zailenetako bat izango dute, Altamirara etorriko baitira. Azkeneko urteetan, bisitariei ez zaie erraza egin Ordiziatik puntuekin ateratzea, eta igandean 12:00etan gure zaleen bultzadarekin, denboraldia ondo hasteko garaipen bat eskuratzeko borrokara aterako gara berdegunera. 

23 urtez azpiko taldeak, ere, asteburu honetan hasiko du denboraldian. Gure gazteek Valladolidera bidaiatu beharko dute VRAC-en aurka indarrak neurtzeko. Fisa eta Iñigo Navarroren mutilek ere ilusio handiz ekingo diote denboraldi berri bati, eta, beste urte batez, ligako titulua eskuratzeko borrokan aritzea espero dute. Moyua Goierri eta VRAC-en artekoa larunbatean izango da, 15:00etan. 

Larunbateko partidekin jarraituz, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek denboraldi-aurreko lagunartekoak jokatuko dituzte Altamiran Gaztediren aurka. 16 urtez azpikoen partida 10:30etan izango da, eta 18 urtez azpikoena, berriz, 12:00etan.

Eta igandean, lehenengo taldearen partidez gain, beste bi hitzordu izango ditugu. Neska taldeak denboraldiari hasiera emango dio Getxon 11:00etan, eta eskolako gaztetxoak 10:30etan topaketa izango dute Hondarribian.