Ampo Ordiziak behar zuen garaipen bat eskuratu du gaur goizean Altamiran. Pasa den urtean etxeko partida guztiak irabazi ziren, eta Altamira goierritarren gotorleku bilakatu zen. Aurten, lau partida jokatu dira momentuz, eta irabazi diren bi partidak etxean izan dira, pasa den urteko tendentziari jarraituz. Gaurkoak berebiziko garrantzia zuen orain hiru asteko atsedenaldia baitu Ordiziak aurretik eta garaipen batek hiru aste horiek beste lasaitasun batekin hartzea eragiten baitu. Gainera, Iñigo Marotias eta Asier Pazosek entrenatutako taldea ez zen sentsazio onak erakusten ari azken partidetan, gaur, ordea,  Altamirara gerturatu diren zaleek maila handiko errugbia ikusteko aukera izan dute.

Partida ondorengo azalpenetan Marotias entrenatzaileak esan duen moduan, ordiziarrak izugarrizko intentsitatearekin atera dira berdegunera, eta lehenengo minutuak kalitate handikoak izan dira. 20. minuturako, Ampo Ordiziak jada hiru entsegu sartuta zituen, madrildarrek ez baitzuten espero lehenengo minutuetan aurrean izan duten talde zapaltzailea. Lehenengo zatiko bigarren erdia, berriz, berdinduagoa izan da, eta atsedenaldian markagailuak 22-10 adierazten zuen. 

Bigarren zatian madrildarrek min handiagoa egitea lortu dute ordiziarrei. Marotias eta Pazosen mutilek lortu dituzten puntu guztiak Valentin Cruzek lortu ditu madrildarren indisziplak hiru puntuetan gauzatzeko aprobetxatuz. Cisnerosek 71. minutuan entsegu bat lortu dute markagailua estutu eta azken aukerak xahutzeko, baina azken minutuetan ordiziarrek kontrolpean izan dute partida eta azkenean urrezkoak diren puntuak eskuratu dituzte. Azken emaitza 31-18 izan da. 

Partida hau izan da laugarren jardunaldian jokatu den partida bakarra. Gauzak horrela Ampo Ordizia 5. postuan jarri da sailkapenean bi garaipen eta bi porrotekin. Hurrengo partida azaroaren 14an izango da Altamiran Gernikaren kontra.