AMPO ORDIZIA VS GERNIKA RT KRONIKA
Larunbat honetan Ampo Ordiziak urteko azken partida jokatu zuen Altamiran, bi partida geratzen zaizkie Iñigo Marotias eta Asier Pazosen mutilei urtea amaitzeko eta biak etxetik kanpo izango dira. Marotiasek atarikoa aipatu zuen moduan, oso garrantzitsua zen goierritarrentzat urtea garaipen batekin amaitzea etxean, eta baita lortu ere, Gernika aise garaitu baitzuten 51-8 hasieratik amaierara bitarte mendean izan zuten partida batean.
Eguna iluna izan zen larunbatekoa, lainotuta baitzegoen eguraldia eta momentu batzuetan euria ere egin zuen. Baina, argia jokalariek jarri zuten zelaian eta partida ikustera gerturatu ziren zaleek harmailetan. Derbiak beti dira bereziak, eta Gernikako zaleek eta Ordiziako zaleek Altamirako harmailak bete zituzten zapatuan. Gainera, taldeak zelaian eskainitako ikuskizunak zaleak asebete zituen, zalantzarik gabe.
Denera 6 entsegu sartu zituzten goierritarrek, eta erdiak, Imanol Aldanondoren eskuetatik etorri ziren. Larunbatekoa Aldanondoren partida izan zen, zalantzarik gabe, denera hiru entsegu sartu baitzituen. Aldanondok izandako egun onaren erakusle da partidaren amaieran Marotiasek emandako saria, jokalari hoberenaren saria. Gainontzeko entseguak, Alain Arañak eta Aitor Txurruka harrobiko jokalariek lortu zituzten. 63. minutuan Pedro Montoya epaileak zigor entsegu bat, ere, adierazi zuen Goierritarren alde.
Bizkaitarrek ez zuten egunik hoberena izan larunbatean. Basurdeen indargunea diren aurrelariak asko sufritu zuten, bereziki melean, eta ondoren lerroetakoek ez zituzten jokatzeko aukera handiegiak izan. Gernikarrek 8 puntuak 15. minutuan gauzatutako zigor kolpe bati esker, eta 37. minutuan lortutako entsegu bati esker lortu zituzten.
Partiaren amaieran Iñigo Marotias pozez zoratzen agertu zen bere jokalariek egindako partidarekin. “Partia perfektua” izan zela azpimarratu zuen eta jada hurrengo hitzorduari begira jarri zen. Bi aste barru, azaroaren 28an, Valladolidera bidaiatu beharko du Ampo Ordiziak Vrac Quesos Entrepinares taldearen aurka indarrak neurtzera. Partida zaila, zalantzarik gabe, baina azken jardunaldietan ordiziarrak egindako jokoa ikusita, garbi dago Iñigo Marotiasen taldea garaipenaren bila aterako dela.
Asteburuak utzitako gainontzeko emaitzei dagokionean, larunbatean 16 eta 18 urtez azpiko taldeek jokatu zuten, emaitza kontrajarriak lortuz. 16 urtez azpikoek galdu egin zuten Bera Beraren aurka, 10-17. 18 urtez azpikoek, berriz, garipena eskuratu zuten Getxoren aurka, 24-10.
Igandean 23 urtez azpikoek Burgosera bidaiatu behar izan zuten 3. jardunaldiko partida jokatzera. Lehenengo zati on bati esker, goierritarrek partida bideratzea lortu zuten. Baina, bigarren zatian burgostarrak indartsi atera ziren eta Moyua Goierrik 19-25 garaipena eskuratzeko sufritu egin behar izan zuen. Garaipen honekin hirugarren garaipena erreskadan lortu du taldeak, jokatu dituzten hiru partidak irabaziz.