Argazkia: Pedro Churruca
Ampo Ordizia vs La Vila Kronika
Etxean sendo eta partidurik galdu gabe jarraitzen du Ampo Ordiziak. Gaur La Vila talde valentziarraren bisita jaso dugu Altamiran. Bisitariak garaipen beharrean etorri dira Ordiziara, ordiziarrak, berriz, sailkapeneko lehenengo postuetan mantentzeko helburuarekin atera dira berdegunera. Partida estua eta lehiatua espero zen, eta gaur Altamirara gerturatu diren ikusleek partida on batez gozatzeko aukera izan dute.
Markagailuak estreinatzen lehenengoak Ordiziarrak izan dira. 2. minutuan Valentin Cruzek zigor kolpe bat baliatu du lehenengo hiru puntuak sartu eta ordiziarrak markagailuan aurreratzeko. 5 minutu besterik pasa ez direnean iritsi da valentziarren erantzuna. kasu honetan Viriot izan da zigor kolpea gauzatu eta partida berdintzea lortu duena. Gainerakoan, puntu gutxi ikusi ditugu lehenengo zatian. 15. minutuan iritsi da lehenengo zatiko entsegu bakarra, Oier Goiaren eskuetatik. Gauzak horrela, markagailua atsedenaldian 8-3 zegoen.
Bigarren zatia, puntuei dagokionez, lehenengo zatia baina ikusgarriagoa izan da. Hasi bezain pronto, 42. minutuan Asier Hernandezek sartu du bigarren zatiko lehengo entsegua. Beste bi entseguak 50. minutuan Diego Carvajalesek eta 73. minutuan Aimar Ardanzak lortu dituzte. Valentziarrak saiatu dira markagailuan aldeak murrizten 46. minutuan zigor kolpe bat gauzatuta eta 62. minutuan entsegu batekin, baina egiari zor ordiziarrek partida kontrolpean izan dute eta ez dute aparteko larritasunik pasatu.
Beste 5 puntu lortu ditugu gaur etxean, Altamiran. Esan bezala garaipen garrantzitsua izan da alde batetik etxean sendo gaudela ziurtatzeko, eta beste alde batetik taldea sailkapeneko lehenengo postuetan mantentzeko.
Asteburuko gainontzeko emaitzei dagokionez, 16 urtez azpikoek berdindu egin zuten Iruñan La Unicaren kontra, eta 23 urtez azpikoek asteburu honetan Gernikaren aurka lortutako garaipenarekin, sailkapeneko lehenengo postuan jarraitzen dute, sendo, partidarik galdu gabe.