Argazkia: Ina Olaizola

Ampo Ordizia vs Les Abelles atarikoa

Goi mailako errugbia Altamirara itzuliko da igande honetan, eguerdiko 12etan, Ampo Ordizia eta Valentziako Les Abelles taldeen arteko norgehiagokarekin, joan den urtarrilean Filomena ekaitzak bertan behera utzi zuen zazpigarren jardunaldiko partidarekin. Ordiziarrak bosgarren postuan daude sailkapenean 28 punturekin, Bartzelonak baino 2 puntu gutxiagorekin, baina partida bat gutxiagorekin. Les Abelles, berriz, zortzigarren postuan dago 11 punturekin. Iñigo Marotiasen taldeak lortutako garaipenak eta gaur egun zazpigarren postuan dagoen U.E Santboianak Vrac Quesos Entrepinaresen aurka lortutako porrotak, emango lieke Goierriko taldeari tituloa borrokatzeko play-of-era sailkatzeko txartela.

Turia hirikoak Ohorezko Mailara igo ziren Hernani C.R taldearen aurka partida dramatiko batean irabazi zuelarik, arazo ekonomikoak zirela eta C.R Santanderrek uko egin ondoren. Mailan gehiegizko eskarmenturik ez izan arren, bikain moldatu da, eta jaitsierarako hautagai argia zela uste zutenak iritziz aldatu dira; izan ere, konturatu bait dira berme osoz osatutako taldea dutela estutasunik ez izateko eta edozein aurkari estutzeko gai direla, eta, beraz, errebelazio-taldearen ohorezko titulua eskuratu dute.

Esan dugun bezala, valentziarrek XV. maila oso orekatua dute. Aurrealdean ohorezko dibisioan eskarmentua duten jokalariak nabarmentzen dira: Pablo Ecuaga eta VRAC ohia den Stephen Barnes internazionala. Hiru laurdenetan, berriz, Calatayud anaiak eta Sorribes daude, jokalari azkarrak eta elektrikoak gutxi bezela. Hemen atzean Alberto Socias entrenatzailearen eskua garbi nabaritzen da, 1999an Espainiako selekzioarekin mundialista izan zena.

Marotiasek zuzentzen dituenek entxufatuta atera behar dute hasierako txistutik Altamirako moketara, eta ahaztu egin behar da taulako bi eskuadren arteko puntu-distantzia. Badakigu errugbian konfiantza ez dela oso ona, eta nahitaezkoa dela lan-jantzia janztea, jokalekura salto egiten den bakoitzean.

AMPO Ordizia goranzko fasean dago jokoari dagokionez, eta badirudi partidu garrtzitsuenetara bere mailarik gorenean iritsiko direla, ailegatzen bait da tituloak erabakitzeko momentua. Lau aste jarraian play-of sailkapena eta Kopako finalaurrekorako txartela erabakiko dira. Egutegia serioski konprimitu da, eta beraz, etxeko entrenatzaileak taldea dosifikatuko du eta baliteke hasierako XV. minutuan hain ohikoak ez diren jokalariak ikustea.

Moyua Goierriko 23 urtez azpikoek atseden hartuko dute eta datorren astean Santander Independentearen aurka jokatuko dute.

Euskal Ligako Kanpazar-Arrasate-Ordizia taldeak larunbatean 16: 00etan Bilboko Unibertsitarioaren aurka jokatuko du Altamiran eta neskak Gernikara joango dira Seven Txapelketa jokatzera.

Gure gazteek ere ligako txapelketei hasiera emango diete asteburu honetan Iruñean. 16 urtez azpikoek 10:30etan jokatuko dute La Unicaren kontra. Eta, 18 urtez azpikoek ere La Unicaren kontra jokatuko dute, kasu honeta 12:00etan izango da partida. Biak, larunbatean jokatuko dira.