Gabonetako etenaldiaren ondoren, maila goreneko errugbia Altamirara itzuliko da igande honetan, 12:00etan, Ampo Ordizia eta Les Abelles Valentziarren arteko lehiarekin. Ordiziarrak sailkapeneko bosgarren postuan daude 19 punturekin eta Les Abelles taldea berriz, zazpigarren postuan dago U.E. Santboiana eta C.R. Cisneros taldeekin berdinduta 10 punturekin. Gaur egun, titulua lortzeko borrokatuko diren taldeen eta jaitsiera saihesteko borrokatuko den seikotearen artean 8 puntuko aldea dago; Agian aste honetako ihardunaldiak egoera erabat argituko du bi taldetxoen etorkizuna finkatuz. Horrexegatik jokoan dauden puntuak benetan garrantzi aparta dutela esan genezake.
Turia hirikoak Ohorezko Mailara igo ziren Hernanikoei partida hunkigarrian irabazi ondoren. Santanderko C.R.-k arazo ekonomikoengatik mailari uko egitean jokatu zen norgehiagoka hura. Nahiz eta Ohorezko Mailan berriak izan, primeran egokitu direla aitortu behar da, eta jaisteko hautagai argia zela uste zutenek dagoeneko eritziz aldatu behar izan dute; izan ere, konturatu dira estualdiak ez pasatzeko eta edozein aurkari estutzeko gai direla Les Abelles taldekoak.
Aipatu den bezala, valentziarrek talde oso konpentsatua dute. Aurretik, Ohorezko Mailan eskarmentua duten jokalariak nabarmentzen dira, hala nola Pablo Ecuaga eta aski ezaguna den Stephen Barnes; hiru laurdenetan berriz, Calatayud eta Sorribes anaiak ezin ahaztu. Beste izen bat nabarmentzekotan Alberto Socias entrenatzailearena ageri da.
Marotiasek zuzentzen dituenak haseratik fin ibili beharko dira. Garaipena lortu ezkero titulua lortzeko lehian arituko diren seikotean irmo egokituko litzateke Ampo Ordizia.
Gabonetako oporretan topaketarik egon ez den arren, goierritarrek jarraian zetozen partidak prestatzen jarraitu dute etengabe eta aurreratu daiteke ia talde osoa dagoela jokatzeko moduan.
Jakina denez, partida atez itxita jokatuko da eta beraz, jende guztia gonbidatuta dago Goierri-Telebistak igandean angelusaren orduan eskainiko duen emanaldira.