Berebiziko garrantzia duen garaipena lortu du gaur Ampo Ordiziak Altamiran Les Abelles talde valentziarraren aurka. Bigarren jardunaldiko partida izan da gaurkoa, eta ordiziarrentzat denboraldiko lehenengo garaipena. Gainera, gaurkoa ligako partida izateaz gain, koparako ere balekoa zen gaurko partida, eta goierritarrek gaur eskuratutako 5 puntuak urrea balio dute, bai ligako txapelketarako, baita koparako ere. Gaurkoa, aspaldiko partez Altamira edukieraren %100a betetzeko aukera zegoen, eta klubaren aldetik zaleek emandako erantzuna eskertu nahi dugu. Harmailek berriro itxura paregabea izan dute jarraitzaile guztiak bertan zirelarik.

Partidari dagokionez, lehenengo zatian bi taldeetako ostikatzaileek izan dute protagonismorik handiena. Bina zigor kolpe gauzatu dituzte joko zabaltzaileek 9-9ko markagailua ezarriz, eta 32. minutuan iritsi da goierritarrentzat aldeak handitzeko balio izan duen entsegua, Anthony Matotok lortutakoa. Atsedenaldian markagailuak 13-9 adierazten zuen. 

Bigarren zatia, berriz, Iñigo Marotias eta Asier Pazosek entrenatutako taldearena izan da hasieratik amaierara bitarte. Ordiziarrek 3 entsegu gehiago (Diego Carvajales, Oier Goia eta Alain Araña) sartu dituzte bigarren zatian. Aurkariak saiatu dira ordiziarren defentsa hausten baina taldeak lan ikaragarria egin du eta 3 puntu besterik ez ditu jaso bigarren zatian. Azken emaitza 34-12 izan da. 

Esan bezala, gaurkoa garaipen garrantzitsua izan da denboraldiko lehenengoa izan delako, berriro harmailak zaleez beterik ikusi ditugulako, eta amaitzeko koparako 5 puntu oso baliagarri eskuratu direlako. 

BULTZ ORDIZI!