ARGAZKIA: Ina Olaizola
AMPO ORDIZIA vs LES ABELLES KRONIKA
Selekzioaren partiduaren ondorioz izandako geldialdiaren ondoren, eguerdi honetan errugbia itzuli da Altamirara. Otsail erabakigarri honetako lehenengo partida, eta lehenengo garaipena Iñigo Marotiasek entrenatutako taldearentzat. 36-12 izan da azken emaitza, beraz, garaipenaz gain, bonus puntua ere lortu du Goierriko taldeak.
Ordiziarrek lehenengo itzulia amaitzeko aurretik dituzten hiru partidetako lehenengoa izan da igande honetan jokatu dena, eta esan daiteke hiruen artean garrantzia gutxien duena ere badela. Egoera ikusita, Iñigo Marotiasek oso talde gaztea zelairatzea erabaki du, denera 23 urtez azpiko 6 jokalarirekin. Beraz, gazteentzako aukera ona izan da eta aprobetxatzen ere jakin dute.
Lehenengo zatia ez da ona izan ordiziarren aldetik. Defentsan iniziatiba hartzea kostatu zaie ordiziarrei eta metro asko eman dizkiete aurkariei. 13. minutuan estreinatu dute markagailua Les Abellesekoek transformatzea lortu ez duten entsegu bati esker. 18. minutuan etorri da ordiziarren aldetik erantzuna, Tomás Jorge izan da entsegua lortu duena eta berdinketa ezarri duena markagailuan. Lehenengo zatia amaitzerako beste hiru entsegu ikusi ditugu, bi ordiziarentzat eta bat Les Abellesentzat. Valentziarren entsegua lehenengo zatiaren amaieran iritsi da eta jokalariak markagailua 19 – 12 zegoela joan dira atseden hartzera.
Bigarren zatia, berriz, oso desberdina izan da. Valentziarrek ezin izan dute entsegu bat bera ere lortu, eta kontrakoz, ordiziarrek 3 gehiago egin dituzte. 62. minutuan Vukile Sofisak, 65. minutuan Arturo Rivasek eta 75. minutuan Oier Goiak. Orokorrean, norgehiagoka oso serioa egin dute ordiziarrek eta markagailua da horren adierazle garbia, 36-12 bukatu baita partida.
Bi albiste garrantzitsu ere izan ditugu asteburu honetan. Alde batetik, Gonzalo Vazquez berriro berdegunean ikusi dugu. Gonzalo denbora asko egon da zelaitik kanpo entrenamendu batean zerbikaletan izan zuen lesi larri baten ondorioz. Igor Genuaren debuta ere izan dugu ordiziaren koloreekin. Hernaniarrak bigarren zatiko 30 minutu jokatu ditu. Igor Alainen hutsunea betetzera etorri da ordiziara eta denboraldia amaitu bitarteko partidak jokatzea espero da.
Ohorezko mailako taldeaz gain, ordiziarentzat errugbiz beteriko asteburua izanda hau. Lehenengoak jokatzen 16 urtez azpikoak izan ziren Larunbatean Iruñean. Ezin, ordea, garaipena lortu, 17 – 10 galdu zuten La Unicaren kontra. 18 urtez azpikoek ere, aurkari berdinaren kontra jokatu zuten baina kasu honetan garaipena eskuratu zuten, 14-45. Neska taldeak errugbi 7ko torneoa jokatu zuen larunbatean Gernikan. Guztira, 4 partida jokatu zituzten eta 2 porrot, garaipen 1 eta berdinketa 1 izan zen balantzea. Eta azkenik, larunbateko eguna Kanpazar-Arrasate-Ordiziak itxi zuen. Uni Bilbaoren bisita jaso zuen talde honek Altamiran eta ezin izan zieten bizkaitarrei irabazi. Julenek entrenatutako taldeak 10-20 galdu zuen.