ARGAZKIA: Ina Olaizola
AMPO ORDIZIA vs LEXUS ALCOBENDAS KRONIKA
Igande borobila Ampo Ordiziarentzat Lexus Alcobendas, ligako bigarren sailkatua 16-10 mendean hartu baitu. Partida zaila espero zen, eta horrela izan da gaur eguerdian jokatu dena.
Lehenengo zatian, ez etxekoek, ezta madrildarrek ere ezin izan dute erasoan min egiterik lortu. Valentin Cruzek 20. minutuan zigor kolpe bat gauzatzeko aukera izan du, baina gaurko beste protagonistak, haizeak, lehenengo puntuak eskuratzeko aukera galarazi dio.
Lehenengo 40 minutuetan bi taldeetan defentsak izan dira indargune garbiak. Ia, aurkarien 22 metroko eremua zapaldu ere ez dute egin, eta hori, markagailuan nabarmendu da. Norgehiagoka atsedenaldira hutsean iritsi da. Errugbian ez da ohikoa horren markagailu baxuak ikustea, bada ikusi dugun jokuaren seinale garbia da gaurko kasuan.
Bigarren zatia, ordea, oso desberdina izan da. 45. minutuan Valentin Cruzek sartu ditu lehenengo puntuak hageetara bota duen zigor kolpe bati esker. 48. minutuan Julen Goiak aldeak handitu ditu entsegu baten bidez, beraz, bigarren zatiko hamar minutu jokatu baino lehenago jada Ampo Ordizia zortzi puntu aurretik zegoen markagailuan.
56. minutuan iritsi dira madrildarrentzako lehenengo puntuak, hauek ere zigor kolpe bidez. Baina, hurrengo jokaldian ordiziarrek jokaldi bikaina egin dute eta Julen Goia izan da baloia entsegu marraz bestalde baloia uztea lortu duena. Baina, 68. minutuan bi kolpe gogor jaso ditu etxeko taldeak. Lehenengo Alcobendasek entsegua lortu du eta markagailua 13-10 zegoela Kawa Leaumak bigarren txartel horia ikusi du, beraz, partida amaitu arte jokalari bat gutxiagorekin gelditu dira ordiziarrak.
Hala ere, ordiziarrak ez dira kikildu eta partida amaitzeko 5 minuturen faltan Valentin Cruzek beste zigor kolpe bat gauzatzea lortu du. Markagailuak 5 minutu besterik ez zirela falta zioen, baina, ordiziarrentzat luze egin dira, azken minutu horiek sufrikario latzekoak izan baitira. Iñigo Marotiasenak gogor defenditu behar izan dituzte madrildarren erasoak, aurreratu baten ondorioz epaileak amaierako seinalea eman duen arte. Garaipen garrantzitsua bigarren itzulirako, baina batez ere, hurrengo astean El Salvadorren kontrako partidari begira indar dosi garrantzitsua suposatuko baitu gaurkoak.
Asteburuko beste emaitza batzuk
Asteburu honetan jokatzen lehenengo taldea 16 urtez azpiko taldea izan da. Labelan Ordiziak 36-21 irabazi du Bera Beraren aurka. 18 urtez azpikoek ere aurkari berdina jaso dute Altamiran eta hauek ere garaipena lortu zuten, 14-12.
Senior taldeentzat, ordea, ez da asteburu ona izan. Kanpazar Arrasate Ordiziak 23-41 galdu du Sarako Izarrak taldearen kontra eta 23 urtez azpiko taldeak ere ezin izan zuen Santanderren garaipena lortu. 18-10 makurtu ziren Asier Pazosen jokalariak Mazabi Santander Independienteren kontra.