Ampo Ordizia vs Pasek Belenos atarikoa

Ampo Ordiziak asturiaseko Belenos taldearen bisita jasoko du larunbat honetan Altamiran Ohorezko Mailako 7. jardunaldiari dagokion partidan. 

Bi aste pasa dira jada Ampo Ordiziak El Salvador taldearen aurka garaipena lortu zuenetik, baina ziur zaleek oraindik buruan dutela igande horretan bizi izan zutena. Larunbatean, garaipen horrek emandako indarrarekin aterako dira ordiziarrak berdegunera. Altamira, azken urteetan bilakatu den gotorleku izaten jarraitu behar du. Denboraldi hasiera ez da erraza izan Federicok entrenatzen duen taldearentzat. Ampo Ordiziak jokatu dituen bost partidetan bi garaipen soilik eskuratu ditu eta sailkapeneko 10. postuan aurkitzen da. Hala ere, azken partidetako dinamika aldaketa nabarmena da, eta asteburu honetan garaipenaren bidetik jarraitzea espero dute goierritarrek. 

Aurrean Belenos talde igo berria izango dute. Asturiarrek, Ohorezko Mailako lehenengo urtea dela kontuan izanda, ondo eman diote hasiera denboraldiari. Sei partida jokatu ditu Belenosen, eta hiru garaipen eta hiru porroteko balantzea dute. Sailkapenean 8. postuan aurkitzen dira, hori bai, esan dugun moduan, Ampo Ordiziak baina partida bat gehiago jokatuta. Asturiarren azken partidetako dinamika ez dela ona esan daiteke, azken hiru partidak galdu egin baitituzte. Aurrekariak ikusita, ziur Belenos berriro garaipenaren bidea berreskuratzen saiatuko dela larunbat honetan. 

Partida polita espero dugu, beraz, larunbat honetan 16:00etan Altamiran. Azken partidako dinamika onari eutsi nahi dion Ampo Ordizia, garaipenaren bidera itzuli nahi duen Belenosen aurka. 

Asteburuko beste partidak 

Lehenengo taldeak jokatu ondoren, 23 urtez azpiko taldearen txanda izango da. Moyua Goierrik Burgosen kontra jokatuko du larunbatean arratsaldeko 18:30etan Altamiran. Fisa eta Iñigo Navarrok entrenatutako taldea denboraldi bikaina egiten ari da, eta sendo jarraitu nahiko dute asteburu honetan Burgosi irabazita. 

Asteburuko beste bi partidak larunbatean jokatuko dira Bilbon. Lehenengo 16 urtez azpiko taldeak jokatuko du, 10:45etan, Universidad de Bilbaoren kontra. Partida hori amaitutakoan 18 urtez azpiko taldearen txanda izango da agertoki berdinean eta aurkari berdinaren aurka.