Ampo Ordizia vs Vrac Quesos Entrepinares kronika

Makiletara begira izandako eraginkortasunak garaipena eman dio gaur Ampo Ordiziari. Pasa den urteko ligako txapeldunaren bisita jaso du gaur Iñigo Marotias eta Asier Pazosen taldeak, VRAC Quesos Entrepinares. Nahiz eta aurtengoa ez den Valladolideko taldearen urterik hoberena izaten ari, partida zaila eta lehiatua espero zuten ordiziarrek, eta horrela izan da. 

Ampo Ordizia bisitaria baino hobeto zelairatu da gaurkoan, eta horren adierazle garbia da 7. minuturako jada aurretik zegoela Goierriko taldea. Aitor Lasa izan da markagailua estreinatzeaz arduratu dena entsegu bati esker, eta ondoren Lander Mujikak aldeak handitu ditu entsegua gauzatu ostean. Hasiera ona izan dute zalantzarik gabe goierritarrek, baina horiek izan dira lehenengo zatian sartu dituzten puntu bakarrak. Iñigo Marotias eta Asier Pazosen mutilek ez dute aldeak handitzeko aukerarik izan, eta Vrac-ek makiletara begiratzeko izan dituzten bi aukerak aprobetxatu dituzte, atsedenaldira markagailua 7-6 bidaliz. 

Bigarren zatia lehenengoa amaitu den moduan hasi da, ordiziarrek min egitea lortzen zuten eta aurkariaren 22kora iristen ziren, baina azken metroetan ezin punturik eskuratu. 57. minutuan iritsi dira bigarren zatiko lehenengo puntuan Valladolideko taldeak lortutako entsegu batekin. Momentu horretan, taldea lehenengo aldiz markagailuan atzetik zegoela, goierritarrek iniziatiba hartu dute eta partida erabat iraultzea lortu dute. Buruak makurtzetik urruti, goierritarrek miñ eman dute erasoan eta, batez ere, defentsa paregabea egin dute. Valladolideko taldeak, berriz, pausu bat atzera egin behar izan du eta diziplina arazo handiak izan dituzte. Bisitariek bigarren zatiaren bigarren erdian zigor kolpe ugari egin dituzte eta Lander Mujikak gogor zigortu ditu, lau zigor kolpe gauzatuta. Eraginkortasun horrek partida ordiziarren aldea eramanarazi du, azken markagailua 19-11 izanik. 

Iñigo Marotiasek partidaren amaieran esan duen moduan, hurrengo astean Ampo Ordizia azken urteetan izan duen partidarik garrantzitsuena izango du. Partida horretan Errege Kopako finalerako txartela izango dute jokoan Valladolideko Silverstorm El Salvadorren kontra. Azken oztopoa finalera iritsi aurretik. Partida gogorra, baina zuen laguntzarekin, eta herriko taldearen ilusioarekin irabazi daitekeena, zalantzarik gabe. 

Gainontzeko emaitzak 

Asteburuak utzi dizkigun gainontzeko emaitzei dagokionez, Labelan Ordiziak (-16) 50-5 galdu du Elorrio Gernikaren kontra, Gaur Logistica Ordiziak (-18) 12-17 irabazi du Elorrio Gernikaren kontra, Neskek 29-27 irabazi dute Bera Beraren kontra, eta amaitzeko, 23 urtez azpikoek 22-5 galdu dute Vrac Quesos Entrepinaresen kontra.