Ampo Ordizia vs Vrac Quesos Entrepinares Kronika
ARGAZKIA: Ina Olaizola
Defentsako gogortasunak eta erasoko efikaziak eman zion garaipena Iñigo Marotiasen taldeari. Dema zaila izango zela argi zegoen, VRAC-en bisita jaso baitzuen Ampo Ordiziak larunbat honetan Altamiran. Valladolideko taldea sailkapeneko lehenengo postuan kokatuta dago, eta atzo arte, partida bat besterik ez zuen galdu denboraldi osoan. Altamira, ordea, aurkari guztientzat zaila den zelaia da eta VRACentzat ere horrela izan zen. Nahiz eta taldeak oraindik ezin duen ikusleen bultzadarik izan, ordiziarrak indartsu egiten dira etxean, eta hori emaitzetan ikusi daiteke oraindik taldeak ez baitu denboraldi honetan partida bat bera ere galdu Ordizian.
Lehenengo minutuak bi taldeek norgehiagokari neurria hartzeko balio izan zuten. Ostiko asko ikusi genituen eta puntuak egiteko aukerarik ez zen egon. 12. minutuan iritsi ziren lehenengo puntuak bisitarientzak zigor kolpe baten bitartez. 8 minutu geroago iritsi zen ordiziarren erantzuna, eta kasu honetan entsegu baten bidez. Touch baten ondoren, Erlantzek bikain hautsi zuen defentsako lerroa eta Imanoli eman zion baloia honek entsegua gauzatu zezan.
Gutxi iraun zien pozak ordiziarrei, 25. minutuan iritsi baitzen Valladolidekoen entsegua. Touch baten ondoren egindako lan bikainak eman zien aurrelariei entsegua sartzeko aukera. Iñigo Marotiasen jokalariek, ordea, erasotzen jarraitu zuten entsegu berri bat lortu arte 32. minutuan. Berriro ere Erlantz zen aurkarien defentsa haustea lortzen zunea korrikaldi eder bati esker, eta ondoren Tomás Jorgek lortu zuen entsegua. Eta horrela iritsiko zen norgehiagoka atsedenaldira, ordiziarrak 14-8 aurretik eta partida guztiz irekita.
Bigarren zatian goierritarren defentsa gogorra egin zuten, presio handikoa eta VRACek ez zuen lortzen beraien jokoa egitea. Eta 15. minutuan eraso bizi eta ikusgarri baten ondoren, iritsiko zen ordiziarren hirugarren entsegua, bigarrena Tomás Jorgerentzat. Partida amaitzeko 22 minuturen faltan, ordiziarrak 13 puntugatik irabazten zuten eta alde hori mantentzeko asko sofritu behar izan zuten. VRACek erasoan aurrera egin nahi zuen, baina aurrean, behin eta berrin pareta gorri batekin aurkitzen ziren. Jada arauzko denbora beteta zegoela lortu zuten valladolidekoek bonus puntua emango zien azken entsegua.
Norgehiagoka ikusgarria izan zen, eta Iñigo Marotiasen jokalariek partida bikaina egin zuten. Hala ere, VRAC ez zen esku hutsik joan Altamiratik, azken txanpan defentsako bonus puntua lortu baitzuten.
Asteburu honetan Kanpazar Arrasate Ordizia taldeak ere garaipena lortu zuen ATSS Hernaniren aurka 26-17 Altamiran jokatu zen partidan