Larunbat honetan Ordizia Rugby Elkarteak Gernikaren aurka, indarrak neurtuko ditu Urbietako zelaietan 17: 00etan jokatuko den lagunartekoan. Denboraldi-aurreko partida izango da, eta ez da errugbi partidetan ohikoak diren denboretara egokituko, ordu erdiko hiru denbora jokatuko baitira. Dirudienez, aukera hori jokalari bati baino gehiagori sarrera eman eta probak egin ahal izateko balio dezake, normalean baino denbora gehiago jokatuko bait da, nahiz eta, Iñigo Marotiasen hitzetan, asmoa ez izan guztiz hori. “Denboraldi-aurreko azken partida izango dena aurrean dugu, eta une aproposa da konbentzitzen gaituen XV ikusteko, ez edozein eratara ateratzeko. Gu jokatzera aterako gara, ikusita ligako lehen partidaren aurrean bi aste besterik ez dela falta. Hori da helburua “- deklaratu du.

AMPO Ordiziaren aurkariari dagokionez, basurdeak, Ordiziako aspaldiko ezagunak direla esan dezakegu, eta Ohorezko Mailako lurrak berriro zapaltzen dituen historiko bat. DHBn egindako egonaldiaren ondoren datorren denboraldian berriro mailarik gorenean ikusiko ditugu basurdeak. Hastear dagoen denboraldiari begira, badirudi bizkaitarrek Mazabi Santanderren aurka igoera emango zien blokea mantentzen jarraituko dutela, inkorporazioren batekin erreforzatuta. Larunbat honetan “in situ” ikusiko da.

Gipuzkoarrei dagokienez, ia plantila guztia prest egongo da entrenatzailearen esanetara, baten batentzat falta daitezkeen azken izapide administratiboen zain. Ukitu ederra Amporentzat denboraldiaren prestaketa zer moduz doan ikusteko. Ikusiko dugu zer eman dezakeen topaketak.