Ampo Ordiziak ezin izan du garaipen batekin hasi denboraldia. Iñigo Marotiasen taldea atzetik joan da partida osoan, eta nahiz eta azken txanpara arte markagailua iraultzeko borrokan ibili, 24-9 galdu du Bartzelonaren aurka. Pasa den denboraldian Bartzelonak utzi zituen goierritarrak ligako titulua irabazteko borrokatik kanpo, gaurkoak errebantxa kutxua zuen, baina badirudi talde kataluniarraren aurkako garaipenak itxaron egin beharko duela oraindik.
Partida hasi bezain pronto, 3. minutuan iritsi da Bartzelonaren lehenengo entsegua. Ordiziarrak baina hobeto zelairatu da etxeko taldea, horren erakuslea da lehenengo puntuak sartzeko 180 segundu soilik pasatu behar izan direla. Bartzelonako hiru laurdenek duten kalitatea eta abiadura baliatu dute kataluniarrek jokaldi on baten bidez baloia entsegu barraz bestalde eramateko.
Beste behin, Ordiziak Valentin Cruzen hanka bikaina erabili du puntuak markagailura gehitzeko. Bederatzigarren, hamabigarren eta berrogeigarren minutuetan sartu ditu argentinarrak gaurkoan taldeak eskuratu dituen bederatzi puntuak.
32. minutuan Bartzelonak berriro goierritarren defentsa zulatzea lortu du hiru laurdenek egindako jokaldi batekin, horrela, partidako bigarren entsegua lortuz. 54. minutuan Bautista Guemesek zigor kolpe batekin aldeak handitzea lortuko zuen, eta ordiziarrak aurkaria gehien estutzen ari ziren momentuan iritsi da kataluniarren hirugarren eta azken kolpea, partida erabakita uzteko balio izan duen kolpea. Kasu honetan, aurrelariak egindako lan bikainari eman die errematea hiru laurdenek. Iñigo Marotias eta Asier Pazosek entrenatutako taldea azken unera arte aritu dira defentsako bonus puntua eskuratzeko borrokan, baina azkenik esku hutsik itzuli behar izan dute Ordiziara.