Egun berezia dator. Hilaren 28an klubaren eguna ospatuko dugu, eta jai egun ikusgarri bat antolatu dugu. Ordizia Rugby Elkartearen 50 urteak, Katxiporretaren 35 urteak eta Bonbereneako txarangaren 20 urteak ospatuko ditugu, elkarrekin.
Hori gutxi balitz, gainera, omenaldi berezi bat ere egingo diogu Manu Oxinalderen familiari. 43 urte pasa dira Ordizia Rugbyko jokalaria zena Trevijano zelaian jokatzen ari zela hil zenetik, eta egun berezi horretan bere alaba eta biloba omendu nahi ditugu.
Oxinalde hil zenean, haren alaba amaren sabelean zegoen, eta familiari omenaldi bat egitea bidezkoa bezain hunkigarria iruditzen zaigu.
Festa ez da amaituko, ordea, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eguna girotzen eta istorioari argitasuna ematen ariko dira egunean zehar. Badugu, gainera, pailazoei zer eskertu. 35 urte daramatzate Katiporretako pailazoak Euskal Herriko milaka haurrei balore ezinobeak erakusten, eta haien lana eskertu eta txalotze aldera, omenaldi bat egingo diegu ordiziarrek. Ez dugu ahaztu behar, gainera, urte asko daramatzatela pailazoek Ordiziara etortzen eta gure haurrei irribarre bat ateratzen.
10:30ean 16 urtez azpikoek Elorrio/Arrasateren aurka jokatuko dute partida, eta 11:00etan Rugby Inklusibo jarduera egingo dugu.
Gero, 12:00etan, 18 urtez azpikoek Elorrio/Arrasateren aurka arituko dira, eta 14:00etan neskek Bera-Bera-La Unicaren aurka jokatuko dute.
Gauza asko ditugu ospatzeko, eta denok elkarrekin egotea ederra izango da. Horregatik, hilaren 28an 15:00ean Ordiziako plazan elkartuko gara, eta Bonbereneako txarangak alaituta, Altamirara joango gara.
Behin zelaian, 16:30ean Ampo Ordizia-Cisneros partida jokatzeaz gain, ORE 50 urteurrenaren ospakizuna egingo dugu.
Egun ederra izango da. Animatu eta ospatu bizitza!
