Argazkia: Juan C Rodríguez
Errege kopako finalerdietarako sailkatu gara.
Gaurko partida garrantzia bikoitza zuen partida zen. Alde batetik, ligako sailkapenari begira garrantzizkoa zen etxetik kanpo puntuak eskuratzea. Gaur arte taldeak zituen garaipen guztiak Altamiran lortutakoak ziren, eta Iñigo Marotias eta Asier Pazosen taldeak etxetik kanpo lehenengo garaipena eskuratu nahi zuen. Eta beste aldetik, gaurko garaipenak taldeari errege kopako finalerdietarako sailkapena eman dio. Les Abellesen aurkako partidan lortutako garaipenak eman dio taldeari gaur hurrengo fasera sailkatzeko aukera, eta baita aprobetxatu ere.
Partida ordiziarrena izan da hasi denetik, amaitu den arte. 9. minutua aurreratu da taldea Valentin Cruzek gauzatutako zigor kolpe bati esker. Goraipatzekoa izan da gaur argentinarrak egin duen partida, erabakiorra izan baita garaipena eskuratzerako orduan. Taldeak lortu dituen 25 puntuetatik, 20 berak egin baititu. Denera, argentinarrak 5 zigor kolpe gauzatu ditu, drop bat sartu du eta 27. minutuan Oier Goiak sartu duen entsegua gauzatu du.
Valladolideko taldea ez da espero zuten denboraldi hasiera egiten ari. Gaurkoan, hasieratik markagailuan atzetik joatea egokitu zaie. 12. minutuan egon dira markagailuan ordiziarrengandik gertuen, 3-3 berdinduta joan denean. Baina gainontzean, nabarmendu behar da taldeak partida kontrolpean izan duela eta oso ondo jakin dutela irakurtzen partidako momentuak eskatzen zuena. Vrac-ek denera 13 puntu egin dituzte, bi zigor kolpe gauzatu ditu Baltazar Taibok, Pablo Gilek entsegu bat sartu du eta entsegu hori gauzatu duena Javier Lopez izan da.
Partidaren amaieran Iñigo Marotiasek emandako azalpenetan, argi eta garbi esan du oso harro dagoela bere jokalariek egin duten lanarekin. Nabarmendu du gaurko garaipena pasa diren bi asteetan taldeak egindako lan onaren seinale izan dela, eta lanean jarraitu behar dela hurrengo erronkari begira. Urtea amaitu aurretik beste partidu zail bati egin beharko dio aurre Ampo Ordiziak, Madrilera joan beharko baitu abenduaren 19an, Alcobendasen aurka indarrak neurtzeko.
Asteburuak utzi dizkigun gainontzeko emaitzei dagokionez, larunbatean 16 eta 18 urtez azpikoek Elorrio Gernika taldearen aurka neurtu behar izan zituzten indarrak. 16 urtez azpikoek 12-35 galdu zuten, eta 18 urtez azpikoek ere ezin izan zuten garaipenik eskuratu 57-0 galduta.