Eskerrik asko
Ordizia Rugby Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiegu azken egunetan bizitako momentu gogorretan alboan izan ditugun pertsona guztiei. Garbi dago Kawaren heriotzak errugbia sentitu eta bizitzen dugun guztioi eragin digula modu desberdin batean. Bikote, lagun, taldekide, zale… guztioi kolpatu gaitu gogor istripu honek. Horregatik, albistea jakin bezain pronto iritsi zen mezu zaparrada ikaragarria izan zen. Mota eta eduki desberdinetako mezuak jaso ditugu, batzuk sentimenduz beterikoak, beste batzuk berriz doluminak plazaratuz, baina denak izan dira garrantzitsuak egun horien gogortasuna leuntzeko.
Agurreko mezuan aipatu genuen moduan, Kawa jokalari ona zen, baina batez ere, pertsona paregabea zen. Zapaldu dituen bazter guztietan utzi du arrastoa, leku guztietan izan da estimatua eta horren erakusle da sare sozialetan jaso duen maitasuna. Bidegabea da horrelako giza kalitatea duen pertsona batek denbora baino lehen uztea.
Jaso dugun eta jasotzen ari garen babesa hunkigarria da. Bihotzez, mila mila esker guztioi.
Ordizia Rugby Elkartea.