Igande honetan, 12:00etan, Madrileko Unibertsitate Hiriko Erdigunean, El Central errugbi zelaian, Ordizia Rugby Elkarteko 23 urtez azpiko taldeak, bere kategoriako liga nazionaleko finala jokatuko du Madrilgo C.R. Complutense Cisneros taldearen aurka.
Moyua partida honetara iritsi da, joan zen astean finalerdiko partidan Alcobendasi 13-16 Las Terrazas zelaian irabazi eta gero. Partida oso berdindua eta hasieratik bukaerara borrokatua izan zen, eta Asier Pazosen mutilei gogotik sufritzea egokitu zitzaien saria eskuratzeko. Igandean aurkari izango duten Cisnerosi gauza bera gertatu zitzaizkion, laurogeigarren minutura arte ez bait zuten lortu finalerako txartela eman zien entsegua.
Ordizia Rugby Elkarteko kideentzat, Estatuko errugbi promesen finalera pasatzea Goierriko kluba, iraganean eta gaur egun, egiten ari den harrobiko lan bikainaren erakusle harbia da. Taldearen misterraren hitzetan, “askoren ahalegin kolektiboarentzako saria da, klubarentzako errekonozimendua”. Pazosek zioen lanaren erakusgarri, “hor geratzen da aurten berrogeita hamar jokalarik talde honetan jokatu dutenaren apuntea, eta horrek erakusten du gure harrobiaren indarra”.
Ez da urte erraza izan inorentzat, ezta Moyua Goierrirentzat ere, pandemiaren ondorioz entrenamendu-planarekin jarraitzeko zailtasun handiak izan baititu. Hala ere, entrenamenduen kalitatearen progresioa handituz joan da denboraldian zehar, taldeko entrenatzaileak aitortu zuenez, eta horrek jokoan islada eduki du.
Tokatu den arerioari dagokionez, Cisneros, nabarmentzekoa da, batez ere, jokoaren kalitatea eta abiadura, hiru laurdenei dagokienez. “Ziur final bikaina ikusiko dugula”, zioen Asierrek. Norgehiagoka klubak bere bazkide eta jarraitzaileei eskaintzen dizkien ohiko kanaletako Interneteko helbideen bidez ikusi ahal izango da.
Eta asteburuko partiduei dagokionez, 23 urtez azpiko taldeaz gain partida gehiago ere izango ditugu: Arrasate-Ordizia senior konbinatua, Orkli Ordizia femeninoa, 18 urtez azpikoa eta 16 urtez azpikoa, alegia. Arrasate-Ordizia seniorrak Mojategin, Arrasaten, Sararen aurka larunbatean 12:30ean euskal ligako bigarren itzuliaren lehen partidan jokatuko du, neskek igandean 12:00etan jokatuko dute etxean, Altamiran, Hernaniren aurrean ligako laugarren jardunaldia, eta 18 urtez azpikoak eta 16 urtez azpikoak Bera Beraren aurka jokatuko dute Donostiako Miniestadioan, 10:00etan.
Zorte on guztioi.