FINALEAN GAUDE!
A ze partida bizi izan dugun gaur goizean Valladoliden. Partida gogorra espero zen, Pepe Rojon jokatzen diren guztien antzera. Baina, gaur, egun berezia izan da. Hasieratik amaieraraino taldea sendo eta oso serio mantendu da, eta, ezbairik gabe, hori izan da gaurkoan finalerako txartela eman diguna. 10 urteren ondoren, final batean gaude.
Hasieratik hartu dute ordiziarrek markagailuaren agintea, eta 7. minuturako jada 0-6 zeuden aurretik, Valentin Cruzek gauzatutako bi zigor kolpei esker. El Salvadorren erantzuna, ordea, entsegu moduan etorri da eta aurretik jarri dira markagailuan. Gainera, 26. minutuan Sam Katzek Drop bat sartzea lortu aldeak handitzeko. 29. minutuan iritsi da lehenengo zatiko inflexio puntua Iñaki Muñoz epaileak ordiziarren aldeko zigor entsegu bat adierazi duenean, eta, gainera, Valladolideko jokalari bat kaleratu duenean txartel horia erakutsita. Kaleratzeak, ordea, badirudi ordiziarrei fabore egin beharrean kalte egin diela, jokalari bat gehiagorekin 10 puntu jaso baititu Iñigo Marotias eta Asier Pazosen taldeak. Lehenengo zatia 20-13 amaitu da.
Aipatu berri dugun momentu hori izan da ordiziarrek gaurkoan ahulgunea erakutsi duten momentu bakarra, bigarren zatian berriro seriotasuna eta joko polita itzuli baita. 45. minutuan iritsi dira bigarren zatiko puntuak, norgehiagoka berdintzeko, Julen Goiak sartu duen entsegu bati esker. 58. minutuan gauzatu du Valentin Cruzek zigor kolpea berriro ordiziarrak aurretik jartzeko partidan. 65. minutuan kolpe gogorra jaso du Ampo Ordiziak, etxekoek entsegu bat egitea lortu baitute. Baina euskaldunak, besoak jaistetik urruti, buruak altsa eta beste entsegu bat egitea lortu dute, markagailua 27-30 jarriz. Azken minutuak sufrikario handikoak izan dira. Baina berdegunean zeuden mutilak hustu egin dira, eta amaierara arte markagailua 27-30 mantentzea lortu dute.
Aipamen berezi bat egin behar dugu gaurkoan Valladolidera gerturatu diren zale guztiei. Ordiziatik autobus bat atera da, eta beste zenbait zalek beraien autoetan egin dute bidaia gaurkoan taldea hauspotzeko. Zuek guztion laguntzarik gabe ez zen posible izango. Eskerrik asko!
Harrobiari dagokionean ere, ospakizunekin jarraitu behar dugu, 18 urtez azpikoak ligako txapeldun izendatu baitziren Elorrion Gaztediri 17-5 irabazi eta gero. Eta larunbat honetan Haurugbyaz gozatzeko aukera ere izan dugu. 9 talde aritu ziren Altamiran txapelketa jokatzen, azkenerako garaipena El Salvadorrentzat izan zen.