GERNIKA RT VS AMPO ORDIZIA ATARIKOA

Joan den astean Madrilen izandako porrotaren ondoren Ampo Ordizia Gernikara joango da datorren larunbatean Urbietaren zelaian 16:30ean Ohorezko Mailako ligako hamabigarren jardunaldiko partida jokatzeko.


Gaur egun ordiziarrak laugarren postuan daude 35 punturekin eta bizkaitarrek 7 punturekin ixten dute sailkapena. Nahiz eta taulan aldea handia izan eta lehen itzuliko partidan emaitza ona lortu, Ampo Ordiziak 51-8 irabazi zuen, Marotíasenek zelaira salto egin behar dute datu horiek alde batera utziz; izan ere, kirol honen zale guztiek dakiten bezala,Urbietan irabazi nahi bada gogotik egin behar da lan, eta horren adibide da Alcobendas liderraren porrota 10-12 Urbietan.

A priori emaitza laburreko markagailua espero da, non defentsek erasoen aurrean  lehentasuna izango duten. Ordiziarrek aurreko jardunaldiko defentsako akatsak zuzendu beharko dituzte, Goierrikoek 35 puntu jaso bait zituzten. Jokalekuaren egoerari dagokionez, Urbietan beti dagoen kezka bat, badirudi Urbietako belardiak orain arteko euri apurrei eutsi diela eta egoera ezin hobea izango duela jokatzeko.

Lehen fasea azken zatira iristen ari da, eta Goierrikoentzat ezinbestekoa da sailkapeneko lehen lau postuetan mantentzea, titulurako final-laurdenak jokatzeko. Alcobendasek eta El Salvadorrek lehen bi postuengatik borrokatuko dutela susmatzen da, ordiziarrak eta U.E Santboiana hirugarren postuagatik borrokatuko duten bitartean, non gaur egun katalanek puntu bakarreko aldea ateratzen dioten Ampori.

Bestalde, Errege Kopako finalerako tokia eta data ditugu. Final hori Sevillako La Cartuja estadioan jokatuko da apirilaren 30eko eta maiatzaren 1eko asteburuan. Aurreko jardunaldian laugarren taldea sailkatu zen txapelketa horretako finalerdietarako, eta Ampo Ordiziaz gain, Sevillako Ciencias Enerside, Lexus Alcobendas eta Silverstorm El Salvador ere bertan izango dira.


Moyua Goierriri dagokionez, talde ordiziarrak Recoletas Burgos hartuko du larunbatean arratsaldeko 4etan Altamiran. Aurreko jardunaldian Hernaniren aurka derbi gipuzkoarrean jasotako porrotaren ondoren, Xabi Rodriguezek zuzentzen duen taldeak garaipenaren bidera itzultzea espero du, eta finalerdietara sailkatzea. Gaur egun Moyua Goierrikoak bigarren postuan daude sailkapenean, El Silverstorm Salvador Emerging liderrarengandik 3 puntura.

Harrobiari dagokionez, larunbat bizia aurreikusten da ordiziarrentzat. Gaur Logística Ordiziako 18 urtez azpiko taldea Getxora joango da Euskal Ligako partida Faduran jokatzeko eguerdiko 12etan, Labelan Ordiziako 16 urtez azpikoa Donostiara joango da Kote Olaizola Miniestadioan Bera-Bera R.Tren aurka eguerdiko 13etan eta Orkli Ordiziako 14 urtez azpikoak Altamiran hartuko du 12: 45ean Hernani Atcss.


Azkenik, txikiek prestakuntza prozesuarekin jarraituko dute igande goizeko entrenamenduarekin.