Complutense Cisnerosi irabaztea ez zela erraza izango uste zen eta hala izan zen. Eguraldi desatseginagatik edo erabaki teknikoagatik Madrildarrek uko egin zieten ahin berea duten eskuko joko azkarrari eta ostikoetan oinarritutako taktika proposatu zuten Altamiran. Lehen zatia 13-na berdinduta bukatu zen. Ampo Ordizia meleetan nagusi zen, baina bi entsegu lortu arren, ezin izan zuen markagailuan garbi gailendu.
Bigarren zatian, Iñigo Marotiasen mutilek esperientzia handiko partida serio eta landua burutu zuten. Complutense Cisnerosen zelaitik zebilen baloia eta Goierritarren erasoak geratzearren zigor golpe hainbat egitera behartua izan ziren Madrildarrak. Valentin Cruzen ostikoek markagailuan abantaila sendoa eman zioten etxeko taldeari. Horrela 28-16 bukatu zen partida. Ampo Ordiziarentzat hirugarren garaipena jarraian eta Bonusa falta izan zen arren, helburu bikoitza lortu zela esan daiteke: lau puntu gehiago eta Silverstorm El Salvadorren aurka Errege Kopako finalaurreko plaza lortzeko aukera.
Etxeko bi entseguak Julen Goia eta Tomás Jorgeren eskutik etorri ziren.
Hurrengo partida Faduran jokatuko den euskal derbia izango da igo berri den Getxoren aurka. Ampo Ordizia sailkapeneko goi postuetan jarraitu ahal izateko garaipenaren bila irtengo da bertan.