Larunbatean, XV. HAURUGBY txapelketa

Nazioarteko XV. Haurugby txapelketa larunbatean izango da, maiatzaren 25ean,  ohiko moduan, Ordizia Rugby Elkarteak antolatuta. Goizeko 10:00etan hasi eta bi zati izango ditu jokoak: goizean taldeen arteko faseak izango dira eta arratsaldean finalak. Aurten  goizeko egoitzak Altamiran eta, bigarren aldiz bi urte eta gero, Lazkaoko Harizti Handi zelaia izango dira. Finalak arratsaldean Altamiran jokatuko dira, betiko moduan.

Haurugbya prestigio  handiko txapelketa da, izan ere oso maila altua duten taldeek irabazi izan dute. Iaz, Bidarteko taldeak. Aurtengo partaidetza zerrenda ere ez da makala.  Oso talde onak, hamahiru guztira, Pirinioak muga hartu eta bi aldeetakoak elkartuko dira. Hala, alde honetakoak Madrilgo  Liceo Francés, Burgosko Aparejadores, Aragoiko selekzioa, Durango Errugbi taldea eta, noski, Orkli Ordizia. Beste aldetik etortzekoak dira Anglet, Porte de Bearn, Boucau Tarnos, US Bardos, Bal, Ondres, Pont Long eta Sara Senpere.

Hau esanda, epaileek txapelketari hasiera ematea besterik ez da falta, jokalari eta zaleek kirol jardunaldi bat goza dezaten. Goizeko saioak 10:00etatik 13:00etara izango dira Altamiran eta Lazkaon eta Altamiran finalak 14:45etan hasita. Ondoren, festari amaiera emateko, 17:00ak aldera hirugarren zatia eta sari-ematea izango dira.

Klubak txapelketaren antolakuntza posible egiten duten boluntario, erakunde eta enpresen laguntza eskertu nahi du.