Les Abelles vs Ampo Ordizia atarikoa

Ampo Ordiziak Les Abellese aurka neurtuko ditu indarrak asteburu honetan Valentziako Jorge Diego Pantera errugbi zelaian. 

Denboraldia aurrera doa, eta denborarekin batera partida geroz eta garrantzitsuagoak jokatzea tokatzen ari zaio Ordiziako taldeari. Igandean, bidaia luzea egin beharko du Federico Gallok entrenatzen duen taldeak. Duela bi asteburu lortutako garaipenak indarrak eman dizkie ordiziarrei eta sendotasun horrekin egingo die aurre igandeko partidari. Momentuz, zortzi garaipen eta zazpi porroteko balantzearekin aurkitzen dira goierritarrak, eta asteburu honetan irabazten badute, hirugarren sailkatuarekiko duten abantaila handitzea lortuko lukete. Gogoratu bigarren itzuli honetan sailkapeneko lehenengo bi taldeek edukiko dutela liga irabazteko play-offak jokatzeko aukera. 

Esan bezala, bidaia luzea egin beharko dute asteburu honetan ordiziarrek, Valentziara bidaiatu beharko baitute. Les Abellesek lau garaipen eta hamar porroteko balantzea du eta ez da momenturik hoberenean aurkitzen. Hala ere, Valentziara egiten diren bidaiak beti izaten dira zailak, eta igande honetakoa ez da gutxiago izango. 

Bi talde helburu oso desberdinekin, baina garaipen beharra dutenak lehiatuko dira, igandean, 12:30etan Valentziako Jorge Diego Pantera errugbi zelaian. 

Asteburuko gainontzeko partidak

23 urtez azpiko taldeak finalerako sailkapena izango du jokoan asteburu honetan. Liga erregularra sailkapeneko hirugarren postuan amaitu izanak, zilarreko ligako finalerdiak jokatzeko aukera eman die ordiziarrei. Denboraldi bikaina egin dute Fisa eta Iñigo Navarrok entrenatzen duten mutilek, eta orain, denboraldiari amaiera ezinhobea ematea geratzen zaio final bat jokatuz. Horretarako, igandean 12:00eta Altamiran jokatuko den partidan Bartzelonari irabazi beharko diete. 

Amaitzeko, asteburuari hasiera 18 urtez azpiko taldeak emango dio, 12:00etan Altamiran Bera Beraren aurka jokatuko duten partidarekin.