Argazkia: Paco Gozálbez

Les Abelles vs Ampo Ordizia kronika

Alde egin dio Ampo Ordiziari garaipenak gaur Valentzian. Iñigo Marotias eta Asier Pazosek zuzentzen duen taldea ondo hasi da partidan, eta 12 puntuko aldea izatera iritsi dira. Baina bigarren zatian valentziarrak hobeto atera dira berdegunera eta markagailua irauli eta lau puntuak eskuratzea lortu dute. 

3. minutuan estreinatu du markagailua Les Abellesek Edu Sorribesek gauzatutako zigor kolpe bati esker. Naiz eta valentziarrak aurreratu markagailuan, partidaren hasieran jokoaren domeinua ordiziarrena izan da eta 8. minutuan iritsi da saria Iñaki Muñoz epaileak adierazi duen zigor entseguarekin. Lehenengo zatia amaitu baino lehen beste bi entsegu ikusteko aukera izan dugu. 26. minutuan Les Abelles aurreratu da berriro markagailuan, eta 37. minutuan iritsi dira lehenengo zatiko azken puntuak Joubertek lortutako entseguarekin. Atsedenaldian markagailua 8-12 zegoen. 

Bigarren zatia, berriz, valentziarrena izan da. Valentin Cruzek bi aldiz kolpatu ditu valentziarrak bigarren zatiko lehenengo erdian, lehenengo zigor kolpe bat gauzatuz eta ondoren entsegu bat sartuz. Momentu horretan lortu du Ampo Ordiziak partidako errentarik handiena markagailua 8-20 zegoelarik. 61. minutuan Caylibek txartel horia jaso du, eta momentu horretatik aurrera etorri da taldearen gainbehera. Bigarren zatiko bigarren erdian, 64, 71 eta 74. minutuetan, valentziarrek hiru entsegu sartu dituzte. Eta azkeneko jokaldian, Ampo Ordiziak zigor kolpe bati esker markagailua murriztu du, eta horrela defentsako bonus puntua eskuratu dute. 

Asteburuak utzi dizkigun gainontzeko emaitzei dagokionez, 18 urtez azpikoek 18-18 berdindu dute Gaztediren kontra, Neska taldeak Zaragozan jokatutako lagunartekoan ezin izan dute garaipenik eskuratu, 32-17 galdu dute eta asteburuko garaipen bakarra 23 urtez azpikoek lortutakoa izan da Fenix Zaragozari 19-22 irabaziz ligako 8. jardunaldian.