ARGAZKIA: Soraya Sanz
Lexus Alcobendas Rugby vs Ampo Ordizia kronika
Lehenengo sailkatuaren zelaira bidaiatzea egokitu zaio Ordiziari larunbat honetan. Norgehiagoka irabazteko zaila izango zela jakinekoa zen, eta nahiz eta Iñigo Marotiasen jokalariek azken txanparaino borrokatu, puntu bat besterik ez zuten lortu Las Terrazaseko errugbi zelaian. Azken emaitza, 21-14 madrildarren alde.
Hasiera-hasieratik oso norgehiagoka trabatua izan zen, joko gutxikoa. Ordiziarren indiziplina arazoak direla medio, Alcobendasek lortu zuen markagailua zabaltzea 6. minutuan Javier Lopezen ostiko bati esker. Iñigo Marotiasek entrenatutako taldearen aurkako zigor kolpeak bata bestearen atzetik etorri ziren lehenengo zatian, eta horri esker, madrildarrak 13. minuturako 6-3 zeuden aurretik markagailuan.
Esan bezala, nahiz eta joko ikusgarria egiten duten bi talde aritu elkarren aurka, larunbateko partida joko aldetik geldua izan zen. Ez ordiziarrek, ezta madrildarrek ere, ez zuten beraien jokoa egiterik lortzen. 19. minutuan etorriko zen norgehiagokako lehenengo entsegua Alcobendasen alde Sergio Molinerok egindako jokaldi ikusgarri bati esker.
36. minutuan, Javier Lopezek berriro aldeak handiagotzea lortuko zuen zigor kolpe bati esker. Arauzko denbora beteta zegoela, eta jokalariek aldageletako bidea hartu behar zutela zirudienean, iritsiko zen ordiziarren entsegua. Tomas Jorgeren pase bikain baten ondoren, Asier Korta izango zen baloia entsegu marraz bestalde eramatera arduratuko zena. Beraz, Norgehiagoka 14-8 joango zen atsedenaldira.
Bigarren zatian, lehenengo zatiaren antzera, puntu gutxi ikusteko aukera izango genuen. Valentin Cruzek sartuko zituen lehenengo puntuak zigor kolpe baten bitartez 48. minutuan. Ondoren, 55. minutuan iritsiko zen etxeko taldearen bigarren entsegua, kasu honetan Mikaele Tipilirena. Eta, jada arauzko denbora beteta zegoela, epaileak Ampo Ordiziaren aldeko zigor kolpe bat adieraziko zuen makilen parean. Erabakia hiru puntuen bila joatekoa izan zen, eta horrela, Madrildik Goierrira zapore gazi-gozoa duen puntu bat ekarri. Azken emaitza, 21 eta 14koa izan zen Alcobendasen alde.
Asteburuko beste partida
Asteburu honetan, ere, hirugarren taldeari Euskal Ligako bere partida jokatzea egokitu zaio Arrasaten Txingudi Rugbyren aurka.
Emaitza: Kanpazar Arrasate Ordizia 19 – 10 Txingudi Rugby