LEXUS ALCOBENDAS VS AMPO ORDIZIA ATARIKOA
Ampo Ordizia Madrileko lurretara joango da igande honetan eguerdiko 12: 30etan Las Terrazas zelaian Lexus Alcobendasen aurka jokatzeko, pandemiak atzeratutako zazpigarren jardunaldiari dagokion partidan. Gaur egun talde madrildarra da liderra 38 punturekin eta ordiziarrak hirugarren postuan daude 34 punturekin. Beraz, Goierriko taldeak garaipena lortuko balu, lidertzan jarriko litzateke.
Talde madrildarra titulu guztiak irabazteko egindako taldea da, eta liga hasiera dudatsua izan arren, taularen gorenera igo da.
Tiki Inchaustik zuzentzen dituen jokalarien artean, Agustin Schab, Matias Cabrera, iazko entsegu-lortzaile nagusia, Mauro Perotti mele erdilaria eta Xabier Martin harrobiko jokalari ordiziarra nabarmentzen dira. Xabier Martin Madrilgo hiru laurdenen parte da jada, eta seven talde nazionalak deitu du.
Larunbatean Espainiako Selekzioak Errusiako lurretan jokatuko duen partidak markatuko du igandeko partida; izan ere, partida horretarako 3 jokalari madrildar eta Ampo Ordiziako jokalari bat aurrez hautatu dituzte, madrildarren aldetik Van den Berg eta Ovejero lehen lerroak deitu dituzte eta hirugarrenean Dominguez. Ampo Ordiziaren aldetik, berriz, Julen Goia kapitaina deitu dute.
Iñigo Marotiasek eta Asier Pazosek zuzentzen dituztenak azken jardunaldietan praktikatzen ari diren errugbi “trinko” hori hobetzeko itxaropenarekin doaz, eta badakite eurek egin ohi duten defentsa lortzen badute ezustekoa eman dezaketela ligako titulua irabazteko faborito nagusienetako baten aurka. Horrez gain, aurkariaren 22an sartzen den bakoitzean taldeak puntuak lortzen baditu, garaipena Goierrirantz bideratuko da.
Bestalde, datorren igandeko partidan Axier Alvarez de Eulate aurrelari ordiziarrak Ampo Ordiziako elastikoarekin 300. partida jokatuko du, Xabi Lerma eta Iñaki Puyadenarekin bat eginez, oso jende gutxik lortutako erronka.
Harrobiari dagokionez, Arrasate-Orkli Ordiziako neskek Arabako Vithas Gaztedi hartuko dute larunbatean, eguerdiko 12etan, Altamiran.
23 urtez azpiko taldeak larunbatean jokatuko du derbia Astiko zelaian, arratsaldeko 4etan, Hernaniren aurka. Moyua Goierrikoak dira sailkapeneko liderrak, eta sailkapenean bi taldeen arteko aldea handia den arren, Xabi Rodriguezen taldeak badaki Urumea ibaiaren ertzekoek gorriz markatzen dituztela partida horiek, eta oso aurkari zaila izaten da.
Harrobiko adin gutxikoen artean, Labelan Ordiziako Sub16 taldea Getxora joango da, 14: 00 etan etxeko taldearen aurka jokatzeko. Ordu berean, Orkli Ordiziako 14 urtez azpiko taldea Donostiara joango da Kote Olaizola estadioan Bera Bera R.T taldearen aurka jokatzeko.
12 eta 10 urtez azpiko kirolariek triangular bat jokatuko dute igandean Altamiran, 10: 30ean, Gaztedi Txuria eta La Unikaren aurka, eta larunbat goizeko 10etan Altamira gaztez beteko da eskola kirolean errugbia tokatzen baitzaie.