Argazkia: Soraya Sanz

LEXUS ALCOBENDAS VS AMPO ORDIZIA KRONIKA

Garaipenak alde egin digu Madrilen partida oso lehiatu batean. Partidak iraun dituen 80 minutuetan zehar, uneoro, markagailua irekita egon da, eta norgehiagoka bi taldeetako edozeinek irabazi zezakeen. Tamalez, azken uneetan Madrildarrak puntu gehiago eskuratu dituzte, eta hori izan da gaurko dema irabaztea ahalbidetu diena. 

Tiki Inchaustiren mutilak partida hasi bezain pronto, 4. minutuan, aurreratu dira markagailuan Mauro Perottik lortu duen entsegu bati esker. Partia aldapa gora hasi da goierritarrentzat, Iñigo Marotias eta Asier Pazosen jokalariek denbora gehiago behar izan dute markagailua estreinatzeko, 18. minutuan iritsi dira lehenengo puntuak Valentin Cruzek gauzatutako zigor kolpe bati esker. 24. minutuan aldeak murriztu ditu berriro Valentin Cruzek bere hanka bikainarekin, eta 31. minutuan aurreratu da lehenengo aldiz Ampo Ordizia markagailuan Julen Goiak lortutako entseguarekin. Goierritarrek, ordea, ezin izan diote markagailuari eutsi, eta atsedenaldira iritsi aurretik madrildarrek bi zigor kolpe gauzatu dituzte, markagailua 15-13 jarriz. 

Bigarren zatiko lehenengo 10 minutuetan bi aldiz kolpatu du Ampo Ordiziak aldeak handituz markagailuan. Lehenengo entsegua Rodrigo Oubiñak lortu du 43. minutuan eta bigarrena 50. minutuan Anthony Matotok. Markagailua 18-27 zegoela hasi da Alcobendasen goraldia, 59. minutuan lortu dute madrildarrek bigarren zatiko lehenengo entsegua. 61. minutuan Aitor Olasagastik txartel horia ikusi du, eta taldea jokalari bat gutxiagorekin zegoela Alcobendasek beste entsegu bat lortu du markagailuan berriro aurrea hartuz. Goierritarrak ez dute amorerik eman, eta gogor saiatu dira markagailua iraultzeko baina 77. minutuan iritsi da partida erabaki duen Alcobendasen aldeko zigor kolpea. Partida markagailua 35-30 zegoelarik amaitu da. 

Nahiz eta bajaz jositako taldea izan, Ampo Ordizia bizirik mantendu da uneoro partidan eta madrildarrek lan handia egin behar izan dute garaipena eskuratzeko. Hurrengo asteburuan euskal derbia izango dugu Gernikan etxeko taldearen aurka. Beste partida gogor bat Iñigo Marotiases eta Asier Pazosen taldearentzat.