ORDIZIA RUGBY ELKARTEAREN FITXAKETA POLITIKAREN INGURUKO ARGIBIDEAK
- Ordizia Rugby Elkarteak beste hainbat euskal errugbi taldeekin partekatu du azken urteetan Ohorezko Mailako lehiaketa (Getxo, Hernani, Bera Bera, Gernika). Zoritxarrez, momentu honetan Hego Euskal Herriko talde bakarra da Estatuko lehen mailan eta zoritxarrez diogu, guretzat eta euskal errugbiarentzat hobe izango litzatekeelako beste taldeek ere mailari eustea.
- Ohorezko Mailan egoteak, maila jakin bateko jokalariak izatea eskatzen dio taldeari. Horrek, Goierritik kanpo hainbat jokalari euskaldunei eta atzerritarrei lekua egitea ekarri du. Kasu batzuetan soldata baten truke, eta beste askotan mailarik gorenean jokatzeagatik beste ordainsaririk gabe guregana hurbildu direnak. Modu honetan, Ohorezko Mailan daramatzagun azken 18 urteetan Eibar, Getxo, Hernani, Arrasate, Iruña, La Unica, Elorrio, Baztan, Atletico SS… Euskal Herriko talde ezberdinetako jokalari ugari izan ditugu gure artean.
- Azpimarratu nahi dugu euskal jokalarien kasuan, kirol arrazoiak izaten direla gehienetan gure taldera etortzera bultzatzen dituztenak eta ez arrazoi ekonomikoak, kasu konkretuetan izan ezik, bidai gastuak soilik konpentsatzen baititugu.
- Ordizia Rugby Elkarteak fitxaketa politika oso argia dauka eta ez daukagu inori ezkutatu beharrik. Beste talde batzuk zuzenean interesatzen zaizkien jokalariengana jotzen duten bitartean (eta gure jokalari batzuk testigu), guk erabakita daukagu euskal jokalari bat interesatuz gero:
- Lehenbizi jokalariaren klubeko Zuzendaritzarekin hitz egingo dugula, aurrena beraiek hitz egin dezaten jokalariarekin eta gure interesaren berri jakin dezan (jokatzeko modu honen berri hainbat euskal klubek eman dezakete)
- Bere klubeko Zuzendaritzak ez balio jokalariari gure interesaren berri ematen, orduan hitz egingo genuke zuzenean jokalariarekin, gure interesaren berri izateko eskubidea duela uste baitugu, jokalariaren kirol bilakaera eta ibilbidean aukera ona izan bait daiteke Ohorezko Mailan jokatzea Euskal Herritik irten gabe.
- Jatorrizko taldearen egoera beti izango dugu kontutan, ez baitugu euskal talderik kaltetu nahi, are gehiago, ahal den neurrian gure eskuetan dagoena egingo dugu euskal errugbia indartzeko, horretarako eskuzabalak izango gara eta malgutasunarekin jokatuko dugu, ahal bada gaiak adostuz.
- Jokalaria baldin bada zuzenean Ordizia Rugby Elkartean jokatzeko eskaintzen dena, eta noski eskubide osoa daukate hori egiteko, beti jakinaraziko zaio bere jatorrizko taldeari, harrek jakin dezan eta aurreko puntuan esan bezala, ahal dena adosteko.
- Hernani Club Rugby Elkarteak gure fitxaketa politikaren inguruan argitaratu berri duen komunikatu ofizialaren aurrean berriz, zera esan:
- Harritu egiten gaituela honelako komunikatu bat argitaratzeak.
- Azken urteetan Hernanitik etorri dira jokalari batzuk Ordizia Rugby Elkartearekin jokatzera, bere kabuz eta eskubide osoz, kasu batzuetan Ordiziak tentatu gabe eta beste batzuetan berriz guk interesa agertuta, baina beti Ohorezko Mailan jokatu nahi zutelako eta aukera hori Ordizian besterik ez zutelako. Kasu guztietan harro gaude eman duten mailarekin eta eskertuta gaude gure taldera etorri direlako.
- Azken hilabete hauetan gure Kirol Zuzendaritza taldea, Hernaniko jokalari bat gurekin jokatzeko interesgarria izan zitekeelakoan:
- Hernaniko Zuzendaritzara zuzendu zen eta gure interesa agertu zitzaien.
- Hernaniko Zuzendaritzak argitu zigun jokalaria Hernanirentzako funtsezko jokalaria dela eta proposamenik ez egiteko eskatu zitzaigun.
- Hernaniren arrazoiak aztertuta, Ordizia Rugby Elkarteak jokalariarekin harremanetan EZ jartzea erabaki zuen. Guretzako hortxe bukatu zen jokalari hau ekartzeko prozesua.
- Pena ematen digu Hernanik gurekin harremanak eten egiten dituela esateak. Guk berriz, ez dugu gure harremanak beraiekin eteteko asmorik eta errugbiaren eta jokalarien mesedetan, egiten ditugun aktibitate guztietan izango ditugu kontutan. Gure aldetik prestutasun osoa agertzen dugu harremanak berriz bere onera ekartzeko egin beharrekoak egiteko.
- Komunikabideetan Hernaniko Lehendakariak egindako adierazpenen aurrean, Ordizia Rugby Elkartea ere gipuzkoako errugbiaren mesederako izan litekeen proiektu baten alde agertu da. Horretan lanean dabil gure proposamen konkretua eginez dagokion kluben arteko lan taldean, eta bertan ematen ditu bere iritziak eta ez egunkarietan, barne lana zapuzteko besterik balio ez duten adierazpenak egitea saihestuz.
- Ordizia Rugby Elkartea ez da Hego Euskal Herriko beste edozein errugbi talde baino gehiago, baina momentuz Ohorezko Mailan dagoen bakarra izanda, euskal jokalarientzako atea zabal mantenduko da, guretzako eta euskal jokalari askorentzako bere kirol garapenean aukera ona izan litekeela uste baitugu eta horrek izan beharko bailuke gure taldeen iparrorratza, kirolaria bera!