Aurten, 2023, Ordizia Rugby Elkartean 50 urteko kirol ibilbidea beteko dugu. Ondorioz, burutuko ditugun ekintza ezberdinen artean, datorren denboraldirako elkartearen harmarria egokituko dugu, urteurrena omendu eta oroitzeko.

Ordiziako Mendizaleak elkartearen sail bezala hasi eta sorreran S.M. Ordizia izena zuen taldeak, 1973ko urriaren 28an RC Irun-en aurka jokatu zuen bere lehen partidua. Beraz, urtemuga honen erreferentzia nagusi gisa urriak 28 dugun arren, aurrerantzean eta 2023-2024 denboraldia amaitu arte erabiliko dugun irudia zabaldu nahi dugu.

Klubaren inguruko lehen berriak 1973ko urriaren 7an dauzkagu. Egun horretako herriko kronikan Kifik azaltzen zuen bezala, hilaren 2an Ordiziako Udaleko Batzarrean jaso zenaren arabera, Altamiran errugbian entrenatu eta jokatzeko herriko gazte talde batek eginiko eskaera, ahobatezko adostasunez onartua izan zen. Hura izan zen errugbiaren hasiera Ordizian.

Denbora asko igaro da garai horietatik… eta gaur, ia 50 urte geroago, Ordizia Rugby Elkartea kirol honen erreferenteetako bat gara Euskadi eta estatu mailan, hurrengo denboraldian Ohorezko Mailako euskal talde bakarra izango garelarik. Lan egiten jarraitzeko garaia da, 50 urte barru ORE-k osatutako familia indartsu eta zabalagoa izan dadin!


BETERANOEN TXAPELKETA

50. urteurrenaren ospakizun ekitaldien aurrerapen bezala, ORE-k antolatutako Lehen Beterano Txapelketa abian jartzen da. Txapelketa hau irailaren 24 eta 25an izango da. Ekitaldirako diseinaturiko kartela ingelesez eta frantsesez ere egin dugu, ORE-rekin erlazioa izan duten eta gaur beste liga batzuetan edo erretiratuta dauden pertsonei helarazteko. Zuzendaritzatik txapelketan parte hartzeko interesa duzuen guztiei, informazio gehiago lortzeko eta izena emateko, klubarekin harremanetan jartzeko dei egiten dizuegu.