ARGAZKIA: Ina Olaizola

Partiduz betetako otsail amaiera aurretik

El Salvadorren kontrako partida, pasa den asteburuan atzeratu zena, otsailaren 28an jokatuko da. Lehenengo faseko azken partida izango da eta koparako sailkapena eskuratzeko ere balioko du. Aste honetan, gure taldeetako batek ere ez du partidarik jokatuko, atseden hartzeko asteburua beraz gure jokalarientzat. 

Hiru asteburu dira otsaila amaitzeko falta direnak. Hiru asteburu, eta hiru final Ampo Ordiziak hilabete honetan jokatuko dituenak. Otsailaren 14, 21 eta 28an jokatuko dira partida horiek. Lehenengo Les Abellesen bisita izango dugu Altamiran. Ondoren Madrildik Alcobendas ligako bigarren sailkatua etorriko da Goierrira. Eta amaitzeko, menuko azken platera, El Salvadorren kontra jokatu beharko dute gure jokalariek Valladoliden. 

Garbi dago partidak ez direla batere errazak izango, baina Iñigo Marotiasek zuzentzen duen taldea bolara ezin hobean dagoela ere nabarmena da. Taldeak Jokatu dituen azken 4 partidak aise irabazi ditu. Azkena, Bartzelona hirugarren sailkatuaren kontra lortu zen Altamiran 39-5.

Partida guztiak dira garrantzitsuak, baina hemendik lehenengo fase amaierara begira, garrantzia handiena dutenak Alcobendas eta El Salvadorren kontrakoak dira. Fase honetan arerio zuzenen aurka lortutako puntuak, bigarren faserako ere balio dute, eta Les Abelles seguruenik bigarren fase horretara ez dela klasifikatuko kontuan izanda, hurrengo bi partidak hartzen dute garrantzia handiena. 

Gainera, azken partida, otsailaren 28an jokatuko dena El Salvadorren kontra Pepe Rojon, garrantzi bikoitza duen norgehiagoka izango da. Ligarako balekoa izateaz gain, partida honetan erabakiko baita kopako finalerdietan egongo den azken taldea. Gure mutilek irabaztea beste erremediorik ez dute izango, berdindu ezkero, edo galdu ezkero, Kopatik kanporatuko baitira. 

Beraz, otsaila kargatuta dago eta garbi eduki, zuen, zaletu guztien laguntza beharko dugula dena aurrera ateratzeko. Harmailetan ezin izango dugu zuen presentziarik izan, baina etxetik ematen diguzuen berotasuna sentitzen dugu, eta pantailari begira ematen dizkiguzuen bultzadek animatu egiten gaituzte. 

Bakarrik, gutxi. Elkarrekin, dena. 

BULTZ ORDIZI!