Pasek Belenos vs Ampo Ordizia atarikoa
Bigarren itzuliko bigarren partida jokatuko du Ampo Ordiziak Pasek Belenosen aurka.
Pasa den asteko partida bertan behera utzi ondoren, Ampo Ordiziak bigarren itzuliko bigarren garaipena eskuratzeko aukera izango du igande honetan Asturiasen. Federicoren taldea hilabete bat doa partidarik jokatu gabe eta taldeak indarberrituta egingo dio aurre partida honi. Entrenatzaile argentinarra gustura dago taldea azken hilabete honetan egiten ari den entrenamenduekin. Bigarren itzulia ezin-hobe hasi zuten ordiziarrek La Vilaren aurka etxean lortutako garaipen sendoari esker. Nahiz eta denboraldi erregularra ez den joan nahi izan den bezala, bigarren itzulia gogo handiekin hasi du Ordiziako taldeak eta asteburu honetan bigarren garaipena jarraian eskuratzen saiatuko dira.
Aurkariak ere bikain ekin dio denboraldiaren bigarren zati honi. Ordiziarrek baina partida bat gehiago jokatu dute eta bietan garaipena eskuratu dute. Asturiarrek, ordiziarren antzera, play offetan sailkatu nahi dute Ohorezko Mailan dauden lehenengo denboraldian. Igo berria den taldearentzat sari bikaina izango litzateke hori, eta helburu hori buruan dutela aterako dira berdegunera igandean.
Partida lehiatua espero da igandean, 12:30etan, Asturiasko El Muro zelaian Pasek Belenos eta Ampo Ordiziaren artean jokatuko dena.
Asteburuko gainontzek partidak
Moyua Goierrik ere igandean hitzordu garrantzitsua izango du Burgosen. Fisaren eta Iñigo Navarroren taldeak, finalerdiak etxean jokatu nahi badituzte, irabazte beste erremediorik ez dute izango Burgosen aurka. Denboraldi bikaina egiten ari da 23 urtez azpiko taldea, eta finalerdiak etxean jokatzea da momentu honetan Ordiziako taldeak duen helburua. Esan bezala, partida hori igandean jokatuko da, goizeko 10:00etan Burgosen.
Amaitzeko, 12 eta 10 urtez azpiko taldeek topaketa izango dute playaundin igandean 10:30etan. bertan izango dira, Ordizia, Eibar, Gaztedi eta Txingudi.
