PORROT GOGORRA

Porrot gogorra eta mingarria jaso du Ampo Ordiziak gaur Bartzelonan. Gaur ez da ordiziarren eguna izan, ezta gutxiagorik ere. Guztira, 8 entsegu jaso ditu gaurkoan Goierriko taldeak, eta Inigo Marotias entrenatzaileak berak esan duen moduan: “Min handia egin digu batez ere minutu askotan zehar partida borobil eta gogor bat egiten aritu garelako, baina momentu batean besoak jaitsi ditugu eta gu garen horri izateari utzi diogu”

Lehenengo zatia oso parekatua izan da, eta intentsitate handikoa. 10. minuturako bi taldeek jada entsegu bana sartuta zuten, Pablo Ortizek Bartzelonarentzako eta Juanma Lesacanok Ordiziarentzako. Hori izan da lehenengo zatiko dinamika, talde batek puntuak sartzen zituen orduko, berehala etortzen zen aurkariaren erantzuna. Guztira, bi taldeek bi entsegu gehiago lortu dituzte. Bautista Guemes eta Pau Airak Ordiziarentzako; eta Lescano eta Anthony Matotok Ordiziarentzako. Amaierako markagailua ikusita, gezurra dirudi norgehiagoka 24-21 joan denik atsedenaldira. 

Bigarren zatian iritsi da Marotiasek aipatzen zuen momentu hori, taldeak besoak jaitsi dituen momentua. Bost entsegu gehiago jaso ditu taldeak bigarren zatian (Dan Isaak, Jordi Jorba, Nicolas Zafaroni, Pablo Ortiz eta Felipe Benegas), eta ez du bat bera egiterik lortu. Garbi dago, beraz, gaur ez dela ordiziarren eguna izan. 

Orain, taldeak bi asteko atsedenaldia izango du berriro indarrak hartu eta play-offari aurre egiteko. Azken fase horretako aurkariari dagokionez, berriro Bartzelonaren aurka indarrak neurtzea egokituko zaio Iñigo Marotiasen taldeari. Oraindik erabaki gabe dagoena da, neurketa hori Bartzelonan, edo Ordizian jokatuko den.